10 milioi euro diru laguntzetan energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko 2016an

Ingurumena 5

Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren mendeko erakundeak, aurten ere diru laguntzen programak jarri ditu martxan energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien alorreko instalazio berriak sustatzeko. EHAAn argitaratutako diru laguntza programa horietara 10 milioi euro bideratuko dira. Diru horren bidez, zenbait sektoretan energia eraginkortasuna hobetzeko 1.100 proiektu baino gehiago bultzatuko dira, 14.000 etxetresna elektriko ordezkatuko dira, eta horien ordez eraginkortasun handikoak merkaturatzen lagunduko da eta energia berriztagarrien alorreko 170 instalazio berri egiteko aukera emango da.

Aipatutako helburu handinahi horiek lortzeari begira, 10 diru laguntza programa edo laguntza lerro ezarri dira, eraginkortasun handiko teknologien esparru zabala eta energia aurrezteko potentzial handia duten sektore kontsumitzaileak kontuan hartuta. Horretaz gain, energia berriztagarrien alorreko instalazio txikietan energia baliabideak ustiatzeko teknologietan inbertsioak ere diruz lagunduko dira programa horien bitartez.

Aurreikuspenen arabera, diru laguntza horiek 60 milioi euro inguruko inbertsioak eragingo dituzte teknologian, eraginkortasun handiko ekipamenduen erosketan eta energiari eta instalazioei lotutako zerbitzuetan. Horrek guztiak, gainera, lagundu egingo du hainbat merkatu dinamizatzen eta hornikuntza-eragileren jarduna.

Energia eraginkortasunaren hobekuntza

Teknologian edo energia erosketa eraginkorrean egingo diren inbertsioek lagundu egingo dute energiaren erabilera egokia sustatzen sektore kontsumitzaileetan. Horrekin batera, energia faktura murriztea ekarriko duten aurrezpen kota handiak lortuko dira industrian, hirugarren alorrean, garraioan edo administrazio publikoan.

Energia berriztagarriak

Ustiapen berriztagarri txikien ezarpenen sustapena lehenetsi da jarduteko tarte edo margen handia duten iturri eta teknologietan, hala nola biomasaren ingurukoak, geotruketakoak, elektrizitatea ekoizteko iturri berriztagarrien alorrekoak eta garapen bidean dauden itsas teknologiei lotutakoak. Horiek guztiak sustatzera 1,7 milioi euro bideratuko dira. Orotara, 170 proiektu berri diruz laguntzea aurreikusten da.

Informazio gehiago

Data

20 Apirila 2016

Kategoria

Ingurumena