IMG 20161109 100903 hine iloveimg resized

 

Bigarren urtea da Industria Foroaren barruan Goierri Goi Maila Eskola (GGME) eta GOIEKIk elkarlanean Mentoring prozesua jartzen dutela martxan. Esperientzi pilotu bezala hasi zen proiektu honek izaera propioa izateko bidea hasi berri du.

Baina zer da Mentoring prozesu hau?

Goierriko eskualdean lehenengo aldiz, GGMEko Ingenieritza Mekanikoko gradua egiten ari diren hirugarren mailako ikasleekin martxan jarri den proiektua da. Bere helburua da eskualdean eskarmentua, esperientzia eta ezagutza handia duten pertsonek (kasu honetan "Mentoreak" bezala definitzen diren pertsonak) ikasleei konpetentzi transbertsalak garatzen laguntzea.

Azaroaren 9an egindako aurkezpenean ikasleek Industria Foroaren barruan konpetentzi transbertsalen inguruan egindako hausnarketa ezagutzeko aukera izan dute HINE taldeko Zuzendari Teknikoa den Iker Arrizabalagaren eskutik. Besteak beste, konpetentzi transbertsalak gaur egun lan merkatuan eta bereziki industria arloan, duten garrantziaz hitz egin die.

Ondoren, hurrengo hilabetetan eta ikasturtea bukatu bitartean, bidelagun izango dituzten lau mentoreak ezagutzeko aukera izan dute. Bidelagun hauek enpresa eta industria garapenean esperientzia handia duten eskualdeko pertsonak dira.

IMG 20161109 111242 iloveimg resized   IMG 20161109 105526 iloveimg resized

Mentoring prozesu honekin honako helburu espezifikoak lortu nahi dira:

• Zeharkako konpetentziak industrian duten garrantzia goraipatzea.

• Eskualdean etorkizuneko industrian lan egingo duten pertsonek zer nolako zeharkako konpetentziak garatu beharko dituzten transmititzea.
• Jadanik erretiratuta dauden eta enpresa, industria eta enpresagintza arloan urte askotan aritu diren pertsonen esperientzia eta ezagutza balioan jartzea.
• Esperientzia eta ezagutza hori ikasleei transmititzea.