Skip to main content

Erabat elektrikoak diren Irizarren autobusak Londresko erdigunean ibiliko dira

IrizarBusLondres

Irizar enpresaren i2e ibilgailuak dira teknologia propioarekin egindako “zero isuriko” lehen hiri-autobus integralak, Gipuzkoako enpresa taldeak Teknologiaren Euskal Sareko zentroekin batera garatu dituenak. Ibilgailu hauek, Irizar taldeak mugikortasun sostengarrian berritzeko eginiko apustu estrategikoaren emaitza, Londresko autobus operatzaile garrantzitsuenaren (Go Ahead London) interesa piztu dute eta bi konpainiek sinatu berri duten akordio bati esker, bi i2e autobus Londresko erdigunean zirkulatzen hasiko dira aurtengo uztailean.

Irizarren autobus elektrikoek 507 eta 521 lineak egingo dituzte, hain zuzen, Waterloo Station lotzen dutenak Victoria Station eta London Bridge Station-ekin. Ibilgailu horiek 180 kW-ko potentziadun motor elektrikoa dute eta gai dira 282kWh biltegiratzeko, 160-180 km-rako autonomia dutelarik Londresko erdiguneko kaleetan ibiltzeko. i2e teknologia propioari esker karga bakarra behar dute egunean, izan ere bost orduko karga batekin 14 eta 16 orduz gidatu daitezke.

Konpainia gipuzkoarrak garatu duen ibilgailu elektrikoa dagoeneko probatu dute hainbat hirigunetan, besteak beste Donostian (martxan daude 2014ko uztailetik) eta Bartzelona eta Marseillako metropoliko hainbat lineatan. Aurtengo urtarrilean, i2e modeloak Espainiako 2015eko Urteko Autobusaren Saria irabazi zuen, errepide bidezko garraioaren arloko Viajeros aldizkariak urtero egiten duen sektoreko aitortza ezaguna alegia.

Irizarren “zero isuriko” autobus elektrikoek interes handia piztu dute, mundu mailako metropoliak gero eta kontzientziatuago baitaude hiri inguruneetako kutsadura murrizteko beharraz, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago pilatzen baita horietan. Hiriguneetan konbustiozko ibilgailuek sortzen dute guztizko CO2-ren %40 eta gainerako kutsagarrien %70; autobus elektriko bakoitzarekin, berriz, urtean 88 tona CO2 murriztu daiteke.

Iturria: SPRI

Data

29 Ekaina 2015

Kategoria

Industria arloa

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia

Astelehena - Osteguna
08:00 - 13:00 | 14:00 - 17:30
Ostirala
08:00 - 14:00