Azken urteetako proiektuak
Goiekiko Industria Arloan azken urteetan honako proiektuak garatu dira:
INDUSTRIA FOROA
Goierri eskualdeko industria jardueraren jasangarritasun eta lehiakortasuna sustatzeko sortu zen lan taldea da Industria Foroa. Eskualdeko enpresez gain (Ampo, Orkli, Irizar, Indar eta Hine), Goierri Eskola, Goierri Goi Maila Eskola, Goieki eta Lortek-eko ordezkariek parte hartzen dute bertan.
Industria garapenerako erronkak identifikatu eta horien inguruko hausnarketaren bitartez, lan-ildoak definitu eta burutzean datza foroaren egitekoak. Orkestra (Lehiakortasunerako Euskal Institutoa-Deusto Fundazioa) eta Goiekiko pertsonez osaturiko lan taldea da lankidetza prozesu hori fazilitatzeaz arduratzen dena.
Batik bat garatu diren proiektu nagusiak honakoak izan dira:
• Konpetentzia transbersalen garapena industria jardueran.
Konpetentzia transbersalek enpresaren jardueran zuzenean eragiten dutela argudiatuta, lidergo, komunikazio, sormen edota mugikortasunerako gaitasunen garapenerako lan egitea adostu zen.
Hiru lan-ildo jarri dira martxan: lehen eta bigarren hezkuntza; lanbide heziketa eta goi mailako ikasketak; eta enpresa esparrua.
• Industria 4.0
Industria 4.0 gaiak enpresako arlo guztietan duen eragina ikusita, enpresei teknologia hauen inguruko ezagutza gerturatzea, barne hausnarketa sustatzea eta enpresetan aplikagarritasuna aztertzea izan da helburua.
Honako tailer hauek ospatu dira: zibersegurtasuna, errealitate areagotua, errealitate birtuala, big data, cloud computing, robotika eta fabrikazio gehigarria.
ENERGIA BALIO KATEA
Goiekik estrategikotzat izan du energia sektorea eta urteak igaro ditu energia sektorearen inguruan lanean. Energia sektorean Goierriko enpresek izan duten pisua handitzeko asmoz, eskualdearen energia balio katea aztertu zen.
Proiektuaren helburua Goierriko enpresek osatu duten energia balio katearen mapa osatzea izan da, ekoiztu eta garatzen dituzten produktu edo zerbitzuen arabera.
Etorkizunera begira, estrategikotzat definitu den energia sektoreak Goierriko eskualdean duen pisua handitzeko asmoz, enpresak energia sektorera dibertsifikatzera bultzatu eta elkarlanaren bitartez balio erantsi handiko proiektuak garatzea bilatu da.
Proiektu honek honako ardatzak izan ditu:
• Goierriko enpresen energia balio klatearen mapa irudikatzea
• Energia sektoreko aukera eta merkatuaren joerak identifikatzea
• Identifikatu diren 5 azpisektoreen energia balio katea garatu (Offshore energia eolikoa, Onshore energia eolikoa, Oil&Gas, itsas korronteen energia eta olatuen energia).
• Merkatuko aukerak eta eskualdeko baliabideak lotu, energia sektoreko balio erantsi handiko proiektuak garatzea.
Lortutako emaitzak:
Landu den balio katean Goierriko eskualdeak energia berriztagarrietan duen indarra azpimarratu behar da, bertan azpisektore desberdinetan diharduten 26 enpresa identifikatu baitira. Energia berriztagarri hauen artean Offshore energia eolikoa, itsas korronteen energia eta olatuen energiak aurkezten dituzten aukerak aipatu behar dira etorkizun oparoa eta lehiakide kopuru baxua baitute gaur egun
AHULTASUN EGOERAN DAUDEN ENPRESEN SENDOTZEA
ETE batzuen enpresa handiekiko menpekotasuna ikusita Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera honi aurre egiteko asmoz, lurraldeko enpresak sendotu eta trebatzeko programa bat jarri zuen habian. Proiektu honetan EHU, Tknika eta tokian tokiko garapen agentziok parte hartu dugu.
Programaren helburua Gipuzkoako enpresa hornitzaileak sendotzea izan da, ETEek ikuspegi askotan izan zitzaketen menpekotasunak murriztuz.
Horretarako, hiru ildo nagusitan banatu da proiektua: enpresaren epe laburreko jarraipena ziurtatzea, kudeaketa eredua definitzea eta enpresaren lehiakortasuna hobetzea.
Lortutako emaitzak:
Goierrin bederatzi ETEk hartu dute parte. Enpresetan honako aldaketak eman dira: arlo komertziala sendotzea, enpresa egitura osatzea, estrategia definitzea, zertifikazioak lortzea, etb.
ONDAKINEN BIRBALORIZAZIOA
2011an Goierriko hiru enpresek ikerketa zientifikoa eta balio erantsizko produktu berri baten garapenaren aldeko apustua egin zuten, Goiekiko Industria Arloak sustatuta.
Bide horretan Birzitek enpresa sortu da. Produktu xurgatzaile higienikoak (haurrentzako fardelak, heldunentzako xurgatzaileak eta abar) birziklatzeko eta hondakinen frakzio ezberdinei irtenbide berritzaileak emateko. 216 urtean Ecoembes erakundearen R saria jaso zuten, merkaturatzen diren produktu berrietan birziklapen eta iraunkortasun neurri berritzaileak aztertzeagatik.