Skip to main content

Goierrin laneratzeko eta gizarteratzeko bideak sortzeko helburu duen programaren lehenengo formakuntzaren deialdia ireki da

Goierrin laneratzeko eta gizarteratzeko bideak sortzeko helburu duen programaren lehenengo formakuntzaren deialdia ireki da

‘Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza’ proiektua jarri du martxan Goiekik, Goierriko Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker eta eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean.

Helburua da egoera ahuletan dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea, eta gizarteratzen laguntzea.

Goierriko Garapen Agentziak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker abian jarri duen Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak: enpleguari buruzko prestakuntza proiektuaren bidez, Goierriko gizarte- eta eskualde-kohesioa hobetu nahi da, pertsona guztien enplegagarritasuna hobetuz, salbuespenik gabe. Programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin ekimenaren barruan kokatzen da.

PROIEKTUAREN HELBURUA

Egoera ahuletan edo behartsuetan dauden pertsonen kualifikazioa hobetzea bultzatu nahi da, identifikatutako kolektibo horien (batez ere gazte eta atzerritarren) arraila eta gizarte-bazterketa ekidinez. Goiekiren ikuspegitik, pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako irtenbideak eta alternatibak eskaini behar dira, gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden kolektibo horiek gizarteratu eta laneratzeko.

Ildo horretatik, proiektu honen helburu nagusia parte hartzen duten pertsonek beren enplegagarritasuna eta era guztietako kualifikazio-mailak hobetzea da, erakunde publiko edo pribatuetan praktikak eginez amaitzen den prestakuntza-ibilbide integratu baten bidez. Horretarako, oinarrizko prestakuntza-ekintza zabala planteatzen delarik.

LANGILE FALTA

Aipatu beharreko kontu bat da hurrengo urteetan belaunaldi erreleboaren beharrei aurre egiteko behar adina pertsona ez izatea. Goierrin ez dira merkatuko irteerak 20 eta 29 urte bitarteko biztanleria-sarrerarekin estaltzen. Azken batean, lan-jarduera bat egin dezaketen pertsona guztien beharra izango du eskualdeak, jarduera ekonomikoari eutsi ahal izateko, eta, ildo horretatik, pertsona guztiak integratzea, nahiz eta bazterketa egoeran edo arriskuan egon, gizarte-justizia kontua ez ezik, ekonomia-sarea mantentzeko beharra ere bada. Izan ere, Goierrin punta-puntako enpresa sarea dago, mundu mailan aitzindari diren enpresa ugari daude, baina, oro har, ezin dituzte lanpostuak lortu gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden kolektiboek. Gizarte-kohesiorako arrisku larria identifikatzen da. Hori dela eta, beharrezkoa da egoera horretan dauden pertsonekin lan egitea, eta, horretarako, haien gaitasun oinarrizkoak eta teknikoak hobetu behar dira, lan-merkatura ahalik eta hobekien iristeko edo hurbiltzeko.

PRESTAKUNTZA ZABALA

Horrela, Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza proiektuaren bidez, oinarrizko prestakuntza-ekintza zabala planteatzen da hasieran, pertsona horiei 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko aukerak

emanez. Ondoren, prestakuntza-ekintza teknikoak planifikatuko dira. Lehenik, lorezaintzaren esparruan; izan ere, 2023ko udaberriko ikasturtearen amaieran, udalek eta enpresek langile-beharrak izango dituzte, eta, ondoren, elektrizitatearen eta ehungintzaren arloetako prestakuntza teknikoa emango da. Horrekin batera, enpresa edo erakunde publikoetan praktikak egingo dira. Gainera, zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza ere emango da, pertsonen komunikazio, lidergo eta talde-lan gaitasunak hobetzeko. Adibidez, emakume langabeei zuzendutako Emaktiva programa.

METODOLOGIA

Eskualdeko ingurune ekonomikoa osatzen duten eragile publiko eta pribatuen lankidetza eta parte hartzea sustatuko duen metodologia baten bidez garatuko da proiektua. Erabakiak modu kolektiboan hartuko dira, eta eragile guztiek parte hartzeko aukera izango dute.

PROIEKTUAREN FASEAK

Proiektua 2023-2024 urteetan zehar gauzatuko da bere osotasunean. Hasiera batean, Goiekik hartuko du parte lider gisa, Caritas erakundea, Sarea Fundazioa eta Goierri Eskolarekin elkarlanean. Prospektiker aholkularitza enpresak, berriz, idazkaritza teknikoa eramango du. Horrez gain, Instagi elkarteak eta EDE Fundazioak ere parte hartuko dute.

2023 urterako aurreikusten den ekintza plana honakoa da:

LORATEGIEN ETA BERDEGUNEEN INSTALAKUNTZA + ENPLEGUA BILATZEKO OINARRIZKO GAITASUN DIGITALAK FORMAKUNTZA: Otsaila eta martxoa bitarte lorezaintzari buruzko prestakuntza gauzatuko da Zizurkilen Fraisoro Lanbide Eskolaren eskutik. Ikastaro hau lana bilatzeko gaitasun digitalen beste ikastaro batekin osatuko da eta Goierri Eskolak emango du Ordizian. Bi prestakuntza horiek aldi berean emango dira eta ikasleei garraiorako beka bat emango zaie. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago eta azken eguna 2023ko otsailaren 13a da. Prestakuntza eskualdeko udaletan edo enpresa pribatuetan praktikak eginez amaituko da.

EMAKTIVA: Otsailean Emaktiva programarekin hastea aurreikusten da. Programa horretan, lehenik, izen-emateak irekiko dira, gero hautaketa-prozesu bat egingo da, eta, azkenik, maiatzetik ekainera bitartean, langabezian dauden emakumeei orientazioa eta laguntza emateko plana garatuko da.

EKINTZAILETZA: Otsailean, ekintzailetzari laguntzeko plana ere jarriko da abian, digitalizazioaren arloko prestakuntza eskainiz berriro ere Goierri Eskolaren eskutik.
Azkenik, laneratzeko programa horren barruan, urtea beste bi prestakuntzarekin osatzea aurreikusten da. Prestakuntza horiek, hasiera batean, urteko bigarren seihilekoan jarriko dira abian. Prestakuntza horiek ehungintzako edo larrugintzako eta instalazio elektrikoetako eta telekomunikazioetako gaitasun teknikoak landuko dituzte. Prestakuntza teknikoa 390 eta 380 ordukoa izango da, hurrenez hurren, arlo bakoitzean, eta praktikaldi batekin osatuko da.

IZEN EMATEAK ETA INFORMAZIO GEHIAGO

Kontaktua: Ainhoa Imaz Iturrioz

Emaila: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Telefonoa: 943 16 18 31

Data

17 Urtarrila 2023

Kategoria

Gizarte arloa

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia

Astelehena - Osteguna
08:00 - 13:00 | 14:00 - 17:30
Ostirala
08:00 - 14:00