Anezka gunearen hitzarmena 2016ko maiatzaren 19an sinatu zen lehenengo aldiz Beasaingo Udala eta Goierriko Garapen Agentziaren eskutik, 5 urteko iraupenarekin. Anezka gunea enpresa berriak sortu nahi dituzten ekintzaile berriei dago zuzendua eta Beasaingo kale nagusiko 40 zenbakian kokatua dago.

Lau bulego eta espazio amankomunez osatua dago. Gaur, hitzarmen hori berritu da beste bost urteetarako, 2026rarte alegia.

Lehenengo bost urte hauetan zehar, Anezka gunean sektore desberdinetako 12 enpresa desberdin kokatu dira. Berritzaile diren enpresa ekimen berrien agerpenak bultzatzea, zerbitzu aurreratuekin lotura dutenak edota Beasaini edota Goierri eskualdeari balio erantsia ematen diotenak sustatzea du helburu Beasaingo Udalaren eta Goiekiren arteko hitzarmenak, arlo honetan Goierriko Garapen Agentziak duen esperientziaz baliatuz.

Anezka gunean kokatuak dauden lau bulego eta espazio komunak, ekintzaileen erabilerarako, ondorengoekin horniturik daude; argi-indarra, ura, telefono konexioa, Internetera konexioa, berogailuak eta asegurua. Argi-indarra, ura, komunitate gastuak eta zergak, Beasaingo Udalaren kontura joango dira. Beraz, hainbat dira eskaintzen dituen abantailak, ekonomikoak besteak beste. Gainontzeko gaietarako, hala nola, altzarien horniketa, asegurua (edukia), garbitasun gastuak, alarma, su-itzalgailuak, mantenu gastuak, eta beste funtzionamendu, jarraipen eta koordinazio gastuetarako, ekintzaileentzako Goiekik bere zentroan kokatuta dauden enpresekin dituen baldintza berdinak ezarriko dira eta Goieki egingo da hauen kargu.

Momentu hauetan Anezka Guneak dituen lau bulegoak beteta daude, hona hemen bertan kokatuta dauden bi negozioen testigantzak:

ANDROMEDA PROJECTS, S.L., NEUROBAI. Borja Urresti.


Lau urte daramatzagu Anezka gunean, eta BIC Gipuzkoan gaude, Adinberriren ekosistemaren barruan, adinekoentzat. Goieki eta Anezka aukeratu ditugu gure patentea Goierrin garatzeko, lurraldearen zati honekin lotura emozionala baitugu. Erabiltzen ditugun aplikazioen zenbait irudi eransten ditut, zahartze aktiboa sustatzeko eta erabiltzaileen narriadura kognitiboa moteltzeko.


Eskerrik asko!

 

imagen 2 2

 

OREKAN. Amaia Ayerbe. Anezka Gunean sartu den azken ekintzailea.

Amaia Ayerbe Zurutuza naiz, nutrizionista. Gaur egun elikadura eta osasun heziketa proiektuak garatu eta zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzen ditut Anezka gunean.

Anezka gunean 2020 urte bukaeran kokatu nintzen eta zerbitzua 2021 urtarrilean hasi nintzen eskaintzen. Anezka gunean bulego bat erabiltzearen aukera Goiekik eskaini zidan eta nire kasuan erabakigarria izan zen proiektu sorrerari bultzada emateko.

Pandemia egoera bete-betean joan nintzen nire idearekin Goiekira. Nik lana uzteko eta nire proiektu propioa gauzatzeko erabakia hartuta nuen eta naiz eta zure proiektuak etorkizuna elikatu dezakeela pentsatu, egoera oso zaila zen eta ziurgabetasun egoera horri zure beldurrak ere gehitu behar. Anezka guneko bulego aukerak begirada zabaldu eta aurrerapausorako ausardia eskaini zidan.

Gainera, heziketa proiektuak lantzeaz gain pertsona banakoei bidelaguntzat eskaini nahi nien eta ondorioz kokagunea ere garrantzitsua zen. Aukera ezin hobea izan dut Beasain erdian, inbertsio oso gutxirekin eta alokairu jasangarri batekin nire proiektua garatzen eta elikatzen hasteko. Hasiera zail hauetan pausoak patxadaz eta ondo emateko aukera eskaini dit eta hori gauza handia da. Oso eskertuta nago Goieki eta Beasaingo Udalari!

 

IMG 3349