Enpresa ekimen berrien XXIV. sari banaketa

Enpresa ekimen berrien XXIV. sari banaketa

Azaroak 24ean ospatuta geratu da urtero legez, Goieki-k antolatzen duen Enpresa Ekimen Berrien Sariketa. Goierri bailaran ekintzailetza eta enpresa ekimen berrien sorrera bultzatzeko sortu zen sariketa hau, duela 24 urte eta urte guzti hauetan zehar hainbat enpresa eta ekintzaile saritu ondoren, aurtengoan ere eskualdeko enplegua eta aberastasuna sustatzen dihardugu.

Ezin ditugu aipatu gabe utzi urtez-urte ekitaldi hau aurrera eramaten laguntzen diguten enpresa eta erakundeak, hona hemen Enpresa Ekimen Berrien XXIV.Sariketako laguntzaileak: ALUMINOX, ARRI, CEG INNOVA, DOILAN-TEGIA, EDERFIL, EZARRI, GARABI, GOILASER, GUERRA HNOS., MODUBE, PRODEMA, TALLERES JASO, BIOK ZERBITZUAK, IRIZAR, AMPO, ORKLI, GOILAN, HINE, NIPPON GASES, ARCELORMITTAL OLABERRIA, GOIERRI BEHEKO INDUSTRIALDEA, TACTICCO, GOIERRIKO HITZA eta GOIERRI IRRATI TELEBISTA.

XXIV.aldiz ospatu den ekitaldi honetan, guztira 14 proiektu aurkeztu dira, 8 lehenengo kategorian, bigarrenean 3 eta hirugarrenean 3, eta saridunak beraz, honako hauek izan dira:

ENPRESA EKIMEN BERRIKO PROIEKTU ONENA:

  • 1. Saria: 4.000€ + 3.000€ kooperatiba izaera izateagatik. BIZIGAIA-rentzat izan da.
  • Aipamen berezia: 2.000€ OASIS LIVING enpresarentzat izan da.

ENPRESAN BURUTURIKO PROIEKTU BERRITZAILE ONENA:

  • Saria: 2.000€ IRUKO BERRI, S.L. enpresarentzat izan da.

EKINTZAILETZAREN BITARTEZ GIZARTE INKLUSIO PROIEKTU ONENA:

  • Saria: 2.000€ TOQUE TERAPEUTICO enpresarentzat izan da.

Enpresa Ekimen Berriko proiektu onenaren lehenengo saria BIZIGAIA, Goierriko Elikadura Kooperatiba proiektuarentzat izan da. Enpresa berri honen ordezkaria ANDONI MIKELARENA da. BIZIGAIA kooperatibaren helburua, Goierri eskualdetik elikadura burujabetzarantz pausoak ematea da, lurrarekiko eta pertsonekiko errespetuzkoak diren ekoizpen ereduak sustatuz, lehen sektorea artikulatuz eta berrikuntzaren bidez sektore lehiakorrago zein erresilienteago bat antolatuz. Aurten gainera, lehenengo kategoria honetan, aipamen berezi bat egin da OASIS LIVING enpresari. OASIS LIVING enpresa etxebizitzen jabeen beharretara egokitzen da, epe luzeko tratuen bidez, etxebizitzari probetxuzko eta duintasunezko erabilera bat emateko.

 

Bizigaia

 

Oasis Living

 

Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren saria IRUKO BERRI, S.L. enpresarentzat izan da. IRUKO BERRI, S.L. enpresak, merkatu eta sektore dibertsifikazio prozesu sakon baten ondorioz bezero berrietara eta herrialde berrietara iritsi dira, negozio eredua zabalduz, eraikin modularren bitartez.

 

Iruko Berri S

 

Ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onenaren saria berriz, TOQUE TERAPEUTICO enpresarentzat izan da. MARIA PEREIRAK prozesu errepikakorretan, estres- edo antsietate-prozesuetan, bloke emozionaletan, prozesu mingarrietan... dauden pertsonei laguntza ematea du helburu, arreta eta lasaitasuna behar duten edo beretzat denbora bat oparitu nahi duten pertsonei.

 

Toque terapeutico

 

Azkenik, XXIV. Ekitaldi honetan duela 8 urtetik martxan jarraitzen zen kategoriarekin jarraitzen da, orduan esperientzi pilotua zena gaur egun urtero aurrera eramaten den ekintza bat bihurtu da. Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailako Zikloan kultura ekintzailea sustatzeko asmoz, 2020-2021 ikasturte honetan ikasleak eta enpresak harremanetan jarri ditugu beste behin, enpresak planteatu duten behar zehatz baten inguruan bideragarritasun plan bat lantzeko asmoz. Guztira 6 proiektu landu dira eta proiektu honetan kolaboratzaile gisa Goierri Eskola, Lortek eta Goieki izan dira. Beraz, azken kategori honek ekintzailetza proiektu garapen onena sarituko du, kasu honetan saria KELLE PROIEKTUA landu duen taldearentzat izan da. Talde honek bere proiektuan zehar bizikleta bat diseinatu eta artikulatu du Azizentzat, ezgaitasun bat duen 17 urteko senegaldar batentzat.

 

KELLE proiektua

 

Ekitaldia Beasaingo Igartza Jauregian ospatu da eta Beasaingo alkatea den Leire Artolak ekitaldiari sarrera eman eta gero Eun Group enpresako kideak etorri zaizkigu euren enpresaren esperientziak kontatzera. Ondoren, sari banaketa gauzatu da.

Eskerrik asko jardunaldira bertaratu zareten guztioi!

                                                                         

Data

24 Azaroa 2021

Kategoria

Ekintzailetza