25 Urte bete ditu Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak

25 Urte bete ditu Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak

2022an urte bat gehiago batu dio Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak bere historikoari eta oraingo honetan zenbaki borobila bete du, 25 urte. XXV. Urteurrena ospatzeko eta aurtengo Lehiaketaren sari banaketa gauzatzeko, ekitaldi berezia antolatu du gaur, azaroak 10, Goierriko Garapen Agentziak, Goierriko Berrikuntza Guneko NBF Eraikinean. Udalak, Lehiaketako sortzaileak, Enpresa Babesleak eta beste hainbat eragile gerturatu dira.

Lehiaketaren 25 urteko ibilbidea ospatu den ekitaldi honetan, hainbat sorpresa egon dira bidean egon diren momentu desberdinei keinu bat egiteko asmoz. Ekitaldiari Ordiziako Alkate den Adur Ezenarrok eta Goiekiko Gerenteak, Iker Galparsorok, eman diote hasiera. Segidan, Lehiaketaren jatorri eta eboluzioa kontatzen duen bideo erreportaje bat igorri da, Goiekiko Youtube kanalean eskuragarri dagoena. Bideoak, 25 urtetako ibilbidean parte hartu duten pertsonei egindako elkarrizketak jasotzen ditu besteak beste. Nola ez, Lehiaketaren sortzaile izan ziren Juan Manuel Barandiaran, Goiekiko Gerente Ohia, Niko Errasti, Goiekiko Industria Arloko Arduradun Ohia eta Manuel Luna, asmatzailea, ekitaldira bertaratu dira. Bideoaren emisioa amaitzean, omenaldi txiki bat egin zaie.


Goierriko Enpresa Berrien Lehiaketak 25 urte bete dituen honetan argi geratu da egin den ibilbidea eskualdeko eragile desberdinen kolaborazioari esker lortu dela baita enpresek urtez urte eman duten babesari esker ere. Omenaldia borobiltzeko, telebistan, antzerkian eta zineman 23 urte daramatzan Nerea Garmendiak bakarrizketa saio bat eskaini du, humoretik ekintzailetza eta enpresa munduan negozioa aurrera ateratzeko egin behar den esfortzua balioan jarriz. Nerearentzat ohorea izan da egun berezi hau gurekin ospatzea, Goierritarra izateaz gain gertutik ezagutzen duelako ekintzaileek euren negozioa aurrera ateratzeko egin behar duten lan gogorra.

XXV. SARI BANAKETA

25. urteurrenari omenaldia egin ostean, Enpresa Ekimen Berrien XXV. Sariketari ekin zaio. Goierri bailaran ekintzailetza eta enpresa ekimen berrien sorrera bultzatzeko sortu zen sariketa hau eta urte guzti hauetan zehar hainbat enpresa eta ekintzaile saritu ondoren, aurtengoan ere eskualdeko enplegua eta aberastasuna sustatzen dihardugu.
XXV. Ekitaldi honetan, aurreko urteetan egin den bezala, 3 kategoria egon dira eskuragarri ekintzaileek euren proiektuak aurkezteko:

1. Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onena. Sustatzailearen irudia bultzatu eta bailaran lana eta aberastasuna sortzea, proiektu berritzaile, sendo eta bideragarri baten bitartez.
2. Enpresan Buruturiko Proiektu berritzaile onena. Eskualdeko enpresa txiki eta ertainetako produktu, prozesu, merkatu, antolakuntzan, etab. berrikuntza sustatu.
3. Ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onena. Lan munduan txertatzeko zailtasunak eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonen ahaleginak balioztatu eta ekintzailetzaren bitartez lan munduan txertatzeko bultzakada eman.

Aurtengo enpresa babesleak, Irizar, Ampo, Goilan Fundazioa, Goierri Beheko Industrialdea, Tacticco, Orkli, Arcelor Mittal, Hine, Nippon Gases, Gitb, Hitza, Aluminox, Arri, Ederfil Becker, Ezarri, Garabi Group, Goilaser, GH, Jaso Industrial Cranes eta Biok izan dira.

Ekitaldi honetan, guztira 4 proiektu aurkeztu dira, 3 lehenengo kategorian, bigarrenean 1 eta hirugarrenean aurten ez da proiekturik aurkeztu, eta saridunak beraz, honako hauek izan dira:

  1. ENPRESA EKIMEN BERRIKO PROIEKTU ONENA: Saria, 6.000€, KAXOLA-rentzat izan da.
  2. ENPRESAN BURUTURIKO PROIEKTU BERRITZAILE ONENA: Saria, 2.000€, SUMINISTROS INDUSTRIALES GAME, S.A. enpresarentzat izan da.
  3. EKINTZAILETZAREN BITARTEZ GIZARTE INKLUSIO PROIEKTU ONENA: Edizio honetan, ez da proiekturik aurkeztu hirugarren kategorian.

Enpresa Ekimen Berriko proiektu onenaren saria KAXOLA proiektuarentzat izan da. Enpresa berri honen ordezkaria IKER MARKINEZ da. KAXOLAren helburua, herritarrei kalitatezko eta gertuko lehengaiez osaturiko produktu goxoak eskaintzea da. Gainera, lehen sektoreari eta hauen produktuei behar duen bultzada ematea, baserritar eta ekoizle berriei lehengaiak eraldatzeko aukera ematea edota gizartearentzat kalitatezko eta inguruko lehen sektoreko lehengaiak eskuragarriagoak egitea ere izango du helburutzat.

Aldiz, bigarren kategoriako saria, Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onena, SUMINISTROS INDUSTRIALES GAME, S.A. enpresarentzat izan da. GAMESAk eraldaketa handia burutu du enpresan azken urte hauetan eta eraldaketa berrizaile honengatik saritua izan da. Eraldaketa honek berrikuntza kudeaketan, berrikuntza marketinean, berrikuntza prozesuetan eta berrikuntza zerbitzuetan txertatzea izan du helburu. Prozesua aurrera eramateko pertsonak erdigunean jartzen duen metodologia erabili dute.


Amaitzeko, aipatu beharrean dago Lehiaketaren ibilbidean sarituak izan diren enpresetatik %70a gaur egun bizirik eta hazten jarraitzen dutela.

Data

10 Azaroa 2022

Kategoria

Ekintzailetza