Skip to main content
LENA

Ana Belen Hernandezek LENA izeneko denda ireki berri du Ordizian. Elkarrizketa bat egin diogu enpresaren sortzapen epealdian bizitako esperientzia jasotzeko asmotan.

Zeintzuk dira dendan eskaintzen dituzun produktuak?

Emakumeentzako lentzeria eta osagarriak (pijamak, bainujantziak, etab.). Datorren denboraldirako gizonentzako produktu batzuk ere sartu behar ditut.

Zertan uste duzu bereizten zarela gainontzeko dendetatik?

Ez dut produktu bakarra eskaintzen, osagarriak diren hainbat produktu eskaintzen ditut. Nire ustez, garrantzitsua da denboraldi bakoitzean zein produktu mota eskaini daitekeen aztertzea eta honekin jokatzea.

Zer da abentura hau hastea bultzatzen zaituena?Zein da ekintzaile bihurtu zaituen motibazioa?

Denda ezberdinetan aritu naiz lanean eta betidanik gustokoa izan dudan jarduera bat da. Azkeneko urteetan egotetxe batean egon naiz lanean bajak eta oporrak egiten eta bat-batean lanik gabe gelditu nintzen. Denboraldi honetan nire denda irekitzeko ideia lantzen hasi nintzen eta agian niretzako merkatu hutsune bat zegoela konturatu nintzen. Nire iritziz, jendeak herrian kontsumitzea bultzatu beharra daukagu kalitate-prezio erlazio oneko produktu erakargarri bat eskainiz.

Momentu honetan garatzen ari zaren enpresa jarduera aurretik ezagutzen al zenuen? Martxan jarri behar den jardueraren inguruan aurretik esperientzia edo ezagupena izatea faktore garrantzitsu bat dela uste al duzu?

Jarduera ezagutzen nuen baina beste maila batean. Garatu beharreko jardueraren arabera ez dut uste beharrezko zerbait denik, baina nire kasuan argi daukat aurretik honetan esperientziarik izango ez banu, ez nukeela denda irekiko. Aurretik izandako esperientziak, bezeroei aholkatzerako orduan gehienbat ezagupen minimo batzuk eman dizkit. Guzti honekin esan nahi dudana da denda bat irekitzea posible da esperientziarik izan gabe baina niretzako faktore garrantzitsu bat da jarduera aurretik ezagutzea.

Zein izan zen eman zenuen lehen urratsa?

Nire familiarekin hitzegin ondoren, Goiekira etorri nintzen aholkularitza bila.

Goiekin bideragarritasun plana garatu zenuen, erabilgarria izan zaizu? Oso zaila egin al zitzaizun proiektua garatzea?

Bai, erabilgarria izan da niretzako.

Proiektua garatzearen zailtasunari dagokionez, orain pentsatzen dudala ez zen oso konplexua izan baina momentu batzuetan bai estutu nintzela izan ere gauza bat ideia buruan izatea da eta beste bat hau garatzea aurrekontuak eskatuz, hornitzaile eta bankuekin hitz-egin, etab. Hau da, zenbakiak egin eta ea dena kuadratzen duen ikusi.

Zenbat denbora pasatu da ideia garatzen hasi zinenetik enpresa martxan jarri arte?

Lau bat hilabete

Jardueraren hasierako momentu hauek esperotakoak izaten ari dira?

Gauzak dauden bezala kontuan izanda ezin naiz kexatu. Hala ere oraindik denbora bat beharko da jendeak komertzioa, produktuak eta ni ezagutzeko. Orain arte ikusi dudanaren arabera, mota guztietako jendea sartzen da eta hau benetan gustokoa dut, hau lortzea nire helburuetako bat baitzen.

Zein izan da enpresaren sortzapen epealdian izandako zailtasun handiena?

Momentu batzuetan jendearen sostengua faltan bota dut, krisia dela eta jende askok erokeri bat zela esaten zidaten. Hala ere esan beharra daukat pertsona batzuen animoa ere jaso dudala.

Desilusioren bat eraman dut lan egin nahi nuen hornitzaile batzuen partetik, izan ere ezin izan dut aurreikusita neuzkan hornitzaile guztiekin lan egin ez dutelako komertzio txikian saltzen. Hala ere erosi ditudan salgaiekin oso pozik nago.

Zein da enpresa bat sortzea pentsatzen ari den pertsona bati emango zeniokeen aholkua?

Oso argi badauka bere proiektua nola nahi duen garatu animatzeko. Bai esango nioke ondo aztertzeko eta argi badauka martxan jartzeko. Seguraski pertsona batzuk ez diote animatuko baina denak benetan nahi dugun horretan inbertitzeko beldurra izango bagenu, orduan inoiz aterako ez ginatekeen krisi bat sortuko zen.

Ez dakit proiektu hau ondo irtengo den, baina behintzat saiatu naiz eta ez naiz kezka horrekin geldituko. Gauza guztiak bere arriskua dauka eta gaur egun zerk ematen dizu ziurtasuna?

Data

15 Maiatza 2011

Kategoria

Ekintzailetza

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia

Astelehena - Osteguna
08:00 - 13:00 | 14:00 - 17:30
Ostirala
08:00 - 14:00