berrabiarazi

Jakina den moduan, Covid-19ak hainbat kalte eta eragin sortu ditu ekonomian zein gizartean, eta nola ez, guzti honen isla Goierrin ere ikus daiteke.

Krisi egoera honen aurrean Berrabiarazi proiektua jarri dugu martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiak gure esku jarri duen erreminta baten laguntzarekin.

Martxoaren 14an alarma-egoera hasi zenetik, guztiok egokitu behar izan dugu une bakoitzeko egoerara, eta enpresak ez dira egoera horretatik kanpo egon. Ziurgabetasuna, hurrengo hilabeteetarako planifikatu ezina, berehala aplikatuko diren arau-aldaketak, eskenatoki aldaketak ia astero eta egoera horietara egokitzeko denbora eskasia direla eta, pertsona ekintzaileak eta haien enpresak inoiz imajinatu gabeko egoera bati aurre egin beharrean topatu dira.

Proiektuaren prozesua, lehenik eta behin, enpresen egoerak ezagutu eta banakako ibilbide orri bat definitzea izango da. Bide batez, Goieki eskualdeko eragilea izanik, etorkizuneko elkarlaneko proiektuak identifikatzeko begirada zabal bat edukitzea ahalbidetuko digu, eskualde lehiakor, orekatu eta jasangarriagoa bermatuz pertsonen ongizatearen alde. Behin banakako egoera eta egoera orokorraren ikuspegia izanda, etorkizunari begiratu eta hutsuneak zehaztuz hobetu daitezkeen eremuak sustatuko dira. Beraz, proiektuaren balio erantsia, epe motzeko egoera zail bati erantzuna emateaz gain, etorkizuneko begirada eta erronkei aurre egitean datza.

Alde batetik, eskualdeko enpresa industrial guztiekin jarriko gara harremanetan, kasu honetan 200 enpresa, eta beste alde batetik, azken 5 urteetan Goiekiko Ekintzailetza arloko zerbitzuen erabiltzaile izan diren enpresak, kasu honetan beste 150 enpresa

Prozesu hau 2020ko irailetik 2021eko apirilera arte luzatuko da. Banan-banan enpresa guztiekin harremanetan jartzen joango garen arren, inork aurretik kontsultaren bat egin nahiko baligu, idatzi email bat ondoko helbideetara:

Enpresa industriala bazara idatzi Xabier Perezi: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Zure enpresa ez bada industriala (zerbitzuetako enpresa, merkataritza, ostalaritza, etab.) idatzi Maialen Sanchezi: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Berrabiarazi proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Turismoko Landa Inguruneko Departamentuak lagundua izan da

EKIN ETA EGIN!