fletxa

Pasa den 2020a urte zaila izan da gizarteko arlo guztietan. Inguruan dauzkagun enpresa eta pertsonei errealitatea erabat aldatu eta eszenatokiak zeintzuk izango ziren argi eduki gabe erabakiak hartu behar izan ziren. Egun batetik bestera, esperientziarik gabeko pandemia eszenatoki batean murgildurik aurkitu ginen.

Hiri Behatokia Garapen-en datuen arabera, Goierriko bailaran, langabezia tasa 2020eko urtarrilean %7,41ekoa izatetik %8,37 izatera pasa zen urte amaieran. Azken zifra horretan, langabetuen %59,62a zerbitzu sektorekoa zen eta %17,88a industria sektorekoa.


Goierri eskualde lehiakorra da, puntako industria-sarea dauka, ekintzaile ugariren sorlekua da, eta paisaia zoragarriak eskaintzen ditu. Hori dela eta, industria, ekintzailetza eta turismoa bultzatzea eta dinamizatzea dira Goierriko Garapen Agentziaren helburu nagusiak, eskualdearen etorkizuneko jasangarritasunaren ardatz nagusi izango baitira. Ardatz horiei esker, ekosistema sozioekonomiko oparoa, lehiakorra eta balio erantsi handikoa izango dugu. Enplegua eta ongizatea sortuko dutenak. Hori dela eta, bizi dugun egoeraren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Berrabiarazi proiektua jarri zuen martxan Goiekik 2020eko irailean.


Proiektu honek pandemiak eskualdean utzi duen egoeraren diagnosi bat burutzea ahalbidetuko du baita elkarrizketatutako enpresa bakoitzari banakako ibilbide orrialde bat definitzea ere. Berrabiarazi, etorkizunerako hausnarketa da, egungo egoera aztertzeko eta gure etorkizun hurbilaren erronkei buruz hausnartzeko tresnak eskaintzen ditu. Proiektua gauzatzeko bailarako 335 enpresa elkarrizketatzeko helburua du Goiekik, horietatik 185 industria arlokoak eta 150 ekintzaileak direlarik. Elkarrizketekin lortu nahi diren helburu nagusienak ondorengoak dira:


• Enpresen egoera lehen eskutik ezagutu eta etorkizuna definitzen lagundu.
• Etorkizuneko proiektuak detektatu.
• Bailara mailako proiektuak planteatu.
• Egoera kritikoan daudenei epe motzean neurriak hartzen lagundu.

 

Orain arte egin diren elkarrizketetatik atera diren ondorio nagusiak, bi lerrotan banatzen dira; batetik industria arloa eta bestetik, ekintzailetza eta zerbitzuak. Industrian identifikatu diren behar nagusiak, bezero gehiago eta dibertsifikatuagoak, produktu edo zerbitzu berrien garapena, digitalizazioa, talentua eta gastuen murrizpenak izan dira. Ekintzailetza eta zerbitzuetan aldiz, pertsonen premiak, lan antolaketa, finantzazioa, lan arrisku prebentzioak, harremanetarako tresna berriak eta inbertsioen planifikazioa dira lan lerro nagusienak.

 

Bailarako enpresen diagnosia geroz eta argiagoa da eta Goiekik, eskualdeko udalekin elkarlanean, lan ildo batzuk definituko ditu dauden beharrei irtenbidea emateko. Elkarrizketa guztiak burutzen direnean eta diagnosi osoa gauzatzen denean ekimen hauek martxan jarriko dira, era horretara, gure lurraldearen jasangarritasuna bultzatuz.


Helburu diren enpresa guztiekin harremanetan jartzen joango garen arren, inork aurretik kontsultaren bat egin nahiko baligu, idatzi email bat ondoko helbideetara: enpresa industriala bazara, Xabier Perezi idatzi Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera. Aldiz, zure enpresak jarduera industrialik ez badu (zerbitzuetako enpresa, merkataritza, ostalaritza, etab.) idatzi Maialen Sanchezi: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

 

Ekin eta egin!