Goiekik, Asmube Emakumeen Elkartea, Oriako Lamiak, Murumendi ikastetxea, In Group, CAF, Bareak merkatari elkartea, Beasaingo Udala eta Aldundiarekin batera, Herrilab ekimenaren talde eragilean parte hartzen du.

Hiru ‘B’-z osatutako Beasain Berdintasunean Bizi lemapean, Beasaingo herrian berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea sustatzeko hainbat proiektu pilotu abian jarriko ditu 2022an Herrilab egitasmoak.

2019 urteaz geroztik, lehenengo esperientzia Beasaingo udalerrian gauzatzen da. Azken bi urteotan garatutako azterketa, jardunaldi eta lan-lerroei jarraipena emanez, datozen hilabeteetan hiru helburu nagusi bultzatuko ditu Herrilab 3Bk.

Lehenik, herritarren sentsibilizazioa bultzatuko da, lanaren eta bizitza pertsonalaren kontziliazioak gure bizitzan duen garrantziaz ohartaraziz eta gizon-emakumeei ezartzen dizkiegun inpaktu desberdinak ikusaraziz.

Bigarrenik, berriz, herritarrek eta eragileek egitasmo honetan duten parte-hartzea handitzea sustatuko da eta, hirugarrenik, udalerrian kontziliazio erantzunkidea hobetzeko proiektu pilotuak abian jarriko dira.

Proiektu pilotuak

Orain arte Herrilabek landutako lerroetan sakonduz, ekintza esperimentalak hiru esparrutara bideratzea erabaki du talde eragileak. Merkataritzari lotuta, lau astez Beasaingo denden ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia pilotua egingo da, ondoren emakumeen eta gizonen kontziliazioan duen eragina baloratuz. Otsailean hasita, lau astez, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko ordutegia 16:00etik 19:00etara moldatuko dute ekimen honekin bat egiten duten merkatariek.

Bigarren esperientzia pilotua hezkuntza komunitatearekin elkarlanean gauzatuko da. Ohiko genero-rolak hautsi eta aitek adingabeen zaintzan duten inplikazio maila handitzeko asmoz ikasturte honetan ikastetxeek aitarekin harremana lehenetsiko du edozein gorabeheraren aurrean.

Azkenik, enpresa eta lan munduari dagokionez, seme-alaben oporraldi garaian familien kontziliazio erantzunkidea hobetzeko neurriak aztertuko dira, Goiekirekin elkarlanean. Izan ere, gurasoek garai horretan izaten dute zailtasun gehien arlo profesionala eta haurren zaintza bateragarri egiteko.

Miren Elgarrestak, Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, gogoratu du oraindik ere “asko” dugula egiteko “gizon eta emakumeen berdintasunera” bidean. “Hori lortzeko palanka nagusietako bat kontziliazio erantzunkidea da. Gaur egun emakumeek hartzen dutelako nagusiki beren gain etxeko lana eta zaintzaren ardura eta beharrezkoa da gizonezkoak alor horretan gehiago inplikatzea. Eraldatze hori modu positiboan gauzatu nahi dugu, elkarlanari eutsiz, herritar komunitate gisa desafio honi modu berritzailean erantzunez”, aipatu du. Sakondu duenez, horretarako jarriko dira abian hiru esperientzia pilotu horiek, hartutako neurriek funtzionatzen duten “elkarlanean aztertu eta gogoeta egin ondoren”, herrirako erabilgarri ez ezik, “lurralde osorako erreferentzia” izan daitezen.