Ainara Ormaetxea. Ordiziako Udaleko Migrazio eta Aniztasun Teknikaria eta Ordizia Kolore kidearekin elkarrizketa

ORDIZIA KOLORE

1. Zein da etorkinaren gaurko erradiografia Ordizian? Eta eskualdean? Sendotasun nagusiak eta eskariak
Ordiziako jatorri aniztasuna esanguratsua da Goierri mailan zein Euskadi mailan. 2017ko urtarrilean, herritar guztien %15, Europa eta Europatik kanpo jaiotakoak dira. Horietatik ia %40 errumaniarrak dira, %9 Pakistangoak, %7 Marokokoak eta %5 Ekuadorkoak. Guztira, 57 lurraldetako pertsonak daude Ordizian, horietatik 46 Europatik kanpokoak izanik.

Sendotasun nagusia, zalantzarik gabe, jatorri aniztasuna da, gure herria aniztasunean aberasteko aukera daukagulako, baina hori bera ahulezia bilakatu daiteke elkarbizitzarako behar diren politika, erreminta eta baliabideak jartzen eta lantzen ez badira. Oraingoz, Ordiziak baliabide horiek jarri ditu eta pixkanaka, zailtasunak zailtasun, kohesio alderako bide bat egiten ari garela esan dezakegu, denon artean gure hazitxoa jartzen ari gara.

2. Zer jarduera edo programak burutzen dira Ordiziatik etorkinen integrazio sozio laborala sustatzeko? Plana dago?
Ordizian, beste lurraldeetatik etorritako pertsonentzat hainbat programa ditugu eta pixkanaka, herriko gero eta programa gehiagotan parte hartzen ari gara. Jada zazpi urte daraman programa bat, adibidez, Ongi etorri Ordiziara! Informazio saioa da.
Saio hau Ordiziara bizitzera etorri diren pertsonei zuzendua dago eta non bizi diren kokatzeko balio du, zein baliabide dauden herrian zein bailaran, azpiegiturak, herriko dinamikak eta abar. Saio hauek bi hilabete irauten dute eta herriko zein eskualdeko hainbat eragile etortzen dira informazioa eskaintzea: enplegu arlokoak (Lanbide, Sindikatuak, Goieki bera), kultura eta euskara teknikariak, berdintasuna, udaltzaingoa, SOS Arrazakeria, eta abar.
Programa honetan parte hartzen dutenek, lau astetan zehar, herriko elkarteren batean egoten dira “praktika” modukoak egiten herriko beste herritarrak eta dinamikak lehen eskutik ezagutzeko. Beste programa bat, Zurrumurru Ez! kanpaina da. Bertan, beste lurraldeetan jaiotako pertsonen inguruko aurre iritziak desegiteko erremintak jasotzea du helburu.
Datorren astean, adibidez, Joseba Zalakain, SIISeko zuzendaria etorriko da diru laguntzen inguruan hitz egitea. Bestalde, Ordizia Kolore bezala, herriko hainbat ekimenetan parte hartzen dugu herriko elkarte eta ekimenekin kolaboratuz: Goazen Ordizia, Pintxo Pote Internazionala, eskoletan, Kultur Topaketan, etab.


3.Elkarte-esparrutik nola lantzen da? Zeintzuk dira lehentasunak. Nabarmentzeko alderdi positibo eta negatiboak
Ordizia Kolore jatorri ezberdinetako ordiziarrek osatzen duten talde bat da, baina oraindik ez du elkarte izaerarik. Hala eta guztiz ere, esan bezala, herriko hainbat ekimenetan parte hartzen du eta helburu bezala, herriko eragileez berdinekin elkar ezagutzea eta elkarrekin proiektu ezberdinak jorratzea da.

4. Etorkizunari begira, nola ikusten duzu egoera 10 urtetan?
Esan bezala, orain lantzen duguna, orain landatzen dugun hazia, etorkizuneko lora edo sasia bilakatuko da. Hori erakunde eta herritar guztien esku egonda da orohar.

5. Aipatzeko beste alderdi batzuk
Datorren astean (azaroaren 7tik 19ra) Ordizia Kolore Kulturen Arteko Topaketa antolatu dugu.
Hemen daukazu egitaraua image (foiletoa) (1.24 MB)

Data

02 Azaroa 2017

Kategoria

Gizarte eragileen ataria