Aldundiak herritarren kooperatiba energetikoak aurkeztu ditu Goierriko eskualdean

Aldundiak herritarren kooperatiba energetikoak aurkeztu ditu Goierriko eskualdean

José Ignacio Asensio: «Hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa gizarte gisa daukagun erronketako bat da; izan ere, klima-aldaketari aurre egiteko balio izateaz gain, hura da Gipuzkoako 62.000 etxeri baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa desagerrarazteko tresnarik onena».


Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Europako funtsak mobilizatu nahi ditu laguntza-lerro bat indartzeko, lurraldeko udalek, herritarren eskutik, baliabide ekonomiko horiek aprobetxatu ahal izan ditzaten, horien bidez trantsizio energetikoa azkartzeko, Gipuzkoan autokontsumoa hedatzean eta energia berriztagarriak sustatzean oinarrituta.


Ekainak 22an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok eta Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreirak Goieki, Goierriko eskualdeko Garapen Agentzian herritarren kooperatiba energetikoen proiektua aurkeztu zuten. Aurkezpenean Ataun, Idiazabal, Olaberria eta Segurako alkateak izan ziren, eta Beasain eta Ordiziako Udaletako ordezkariak.


Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua ekinean ari da energia-sistema berriak ezartzea bultzatzeko; zehazki, energia berriztagarri jasangarriak eta autokontsumoa aukeratzen dituzten sistemak eta gure lurraldearen kanpoko mendekotasun energetikoa murriztea xede dutenak. Gainera, bultzatu nahi diren energia-sistema berriek herritarrak ahalduntzea eta energia-sistemaren erdigunean rol aktiboarekin kokatzea bilatzen dute. Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, «hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa gizarte gisa daukagun erronketako bat da; izan ere, klima-aldaketari aurre egiteko balio izateaz gain, hura da Gipuzkoako 62.000 etxeri baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa desagerrarazteko tresnarik onena».


Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bultzatzen dituen sistemetako bat dira ekainak 22an udal ordezkariei beren udalerrietan laguntza emateko aurkeztu zitzaizkien herritarren kooperatiba energetikoak. Irabazi asmorik gabeko kooperatibak dira, eta eguzki energia sortzen eta kudeatzen parte hartzera bultzatzen dituzte herritarrak, beren hornidurarako. Kooperatiba horiek Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritza sustatzailearekin batera sustatzen dira, horiek baitira Gipuzkoako Lurralde Historikoan ekiolak izeneko eguzki energiako herritarren kooperatiben instalatzaileak.


Asensio foru diputatuak adierazi zuenez, «trantsizio energetikoaren oinarria dago energia berriztagarriak aukeratzen dituzten eta herritarrak rol aktiboarekin posizionatzen dituzten sistema energetiko berriak sustatzea, eta ingurumenaren arloan lanean ari gara Europako funtsak mobilizatzea lortuko duten proiektuak izan daitezen».


0 km-ko energiarako kooperatibak


Kooperatibak sortzeak, herrialdearen balioekin eta egitura ekonomikoarekin lotzeaz gain, auzotar askok parte hartzea dakarten proiektu handiagoak eratzea ahalbidetzen du. Formula horri esker, dimentsio esanguratsua duten energia-azpiegiturak egongo dira (1 MW eta 5 MW arteko potentzia duten eguzki parkeak), gertuko energia sortuko dutenak (0 kilometro energia), kooperatibako kide diren pertsonek edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiak aprobetxa ditzaten, instalazio horiek propiotzat identifika ditzaten eta instalazio horietan kontsumo elektriko osoaren pareko energia-bolumena sor dezaten. Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasuna diseinatzeko sistematikaren oinarria honako hau da: kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat erosten dute, etxebizitzaren energia-kontsumoaren pareko kostuarekin.


Kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu sortze kostu egonkor batekin, oso epe luzerako (25 urte edo gehiago). Instalazio horiek pertsona edo familia kopuru handi batentzat kudeatuko dira, eta, horrela, instalazioek tamaina ertaineko/handiko proiektu baten berezko ekonomiak izango dituzte. Emaitzak kooperatibistei itzuliko zaizkie faktura elektrikoetan, argi faktura gutxi gorabehera % 20-30 murriztuta. Horrela, bakoitzak urtero ikusiko du instalazioa sortzearen emaitza, bai alderdi ekonomikoei dagokienez, bai alderdi elektrikoei dagokienez, eta ebaluatu egin ahal izango du horiek ingurumenean, jasangarritasunean, ingurunerako aberastasuna sortzen eta kontsumoaren ekonomian duten eragina.

Data

23 Ekaina 2021

Kategoria

Ingurumena