Skip to main content

Zein da Goierriko etxebizitzen egoera Energia ikuspegitik?

Zein da Goierriko etxebizitzen egoera Energia ikuspegitik?

Goierriko Energia Mahaiak 2021 urterako proposatutako ekintza planaren barruan, eskualdeko pobrezia energetikoaren azterketa egitea da ildoetako bat. Izan ere, hainbat arrazoi tarteko, azken aldian egoerak okerrera jo du, baina pobrezia energetikoa lehendik ere presente zegoen arazo bat da.

Gipuzkoako Pobrezia Energetikoaren Behatokiaren arabera, 2017 urtean 65.136 pertsonak ezin izan zuten haien etxeetan tenperatura egokia mantendu, Gipuzkoako biztanleriaren % 9,1. Energiaren faktura ordaintzeko zailtasunei dagokionez, bestalde, urte horretan 31.080 pertsonak izan zituzten fakturak ordaintzeko atzerapenak, Gipuzkoa lurraldeko biztanleriaren % 4,4.

Azken aldian, Covid-19 pandemiak edota energiaren merkatuko prezioen igoera nabarmenek egoera are eta gehiago okertu dute, eta gero eta pertsona gehiagok dituzte oinarrizko beharretara iristeko zailtasunak, etxeko energiaren erabilera barne. Horretaz gain, aipatzekoa da larrialdi klimatikoarekin eta energiaren sektoreak bizi duen egoera zailarekin lotura zuzena duela pobrezia energetikoak, eta azken horri heltzeak ekarpen esanguratsuak egin ditzakeela arazo handiagoei ere aurre egiteko.

Hori horrela, Goieki, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin elkarlanean, Goierri eskualdeko pobrezia energetikoaren azterketa egiten ari da H-Enea eta Goienerren eskutik.

Goierriko pobrezia energetikoaren azterketa egiteko hainbat iturri eta informazio mota ezberdin erabiliko dira, eta horietako bat herritarrei hainbat kanaletatik zabalduko zaien galdetegia da. Galdetegi hori Goierriko herritar guztiei zuzenduta dago, eta horren helburu nagusia Goierriko etxebizitzen egoera energiaren ikuspegitik zein den jakitea da, eta batez ere herritarrek pobrezia energetikoaren inguruan zer iritzi duten nahiz nola bizi duten jakitea. Horrek egoeraren ikuspegi zabalagoa izaten lagunduko du, eta eskualdeko pertsona nahiz eragile ezberdinen iritzia jasotzea.

Galdetegi horretatik ateratako ondorioekin, bestelako iturrietatik jasotako informazioarekin batera, eskualdeko Udalek pobrezia energetikoari aurre egiteko zer egin dezaketen aztertuko da, eta egoera hobetzeko proposamen sorta bat garatu. Proposamen horien artean, maila eta eremu anitzetatik egin daitezkeen ekimen ezberdinak landuko dira, eskualde nahiz udalerri mailan pobrezia energetikoaren egoera hobetzeko helburuarekin.

Inkestan parte hartu nahi dutenek urriaren 22a arte izango dute galdetegia betetzeko aukera, baldintza bakarra Goierrin bizitzea da, eta etxebizitza bakoitzeko galdetegi bakarra erantzutea eskatzen da.

Parte hartu nahi duzu? Egin klik hemen.

Data

05 Urria 2021

Kategoria

Ingurumena

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia

Astelehena - Osteguna
08:00 - 13:00 | 14:00 - 17:30
Ostirala
08:00 - 14:00