Pasa den urriaren 19an Goierriko Energia Mahaiaren hirugarren bilera burutu zen. Oraingo honetan 2022 urtean zehar jorratu diren ekintzen berri eman eta 2023an exekutatuko diren ekintzak aurreratu dira.


Bilera hiru zatitan banatu zen eta jarraian, bakoitzean landutakoa azaltzen da:

1. 2021 urtean energia mahaiak Goierri eskualdeko udaletan energia kudeatzeko sistema baten txertaketa aurrera eramateko erabakia hartu zen. Beraz, 2022an monitorizazio sistema txertatu da IP21 eta Hispavista Labs-en eskutik. Ezarri den kudeaketa sistemak, Smart Cities e-Menhir plataforman oinarrituta, azterketa, konparazio eta zuzentze estrategiaren bitartez, eskualdeko energia-kontsumoak hobetzea eta arrazionalizatzea dauka helburu bezala.Goiekik, Garapen Agentziak, eta beste 10 udalerrik (Beasain, Idiazabal, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura eta Zegama) plataformaren aldeko apustua egin dute, energiaren aurrezpena eta erabilera modu eraginkorrean lehenesteko beren jardueren artean eta energia-kontsumoaren kontrola egin ahal izateko.

2.Goierri pobrezia energetikoari aurre egiteko ekimena. Helburua Goierriko Udalei zerbitzu bat eskaintzea da pobrezia energetikoa lantzeko. Aurrera eramango diren ekintzak, 2021 urtean eskualdean buruturiko pobrezia energetikoaren diagnosian oinarritzen dira. Horretarako, honako ekintza nagusiak aurrera eramango dira:

    • Laguntzen hartzaileen argindar fakturak murrizteko hobekuntzak ezarri.
    • Dinamika propio bat garatu energia bulegora begira.
    • Pobrezia energetikoaren inguruko sentsibilizazioa eskualdean.

Jarduera hau aurrera eramateko Goiener kooperatibaren laguntza izango da.

3. Eskualdeko energia bulegoa. Lan honen helburua eskualde mailako bulego energetikoa martxan jartzeko proposamena eta bideragarritasun azterketa gauzatzea da. Lan honetarako Asier Larretxea energia aholkulariaren laguntza izango da.

Energia gaia azken urte honetan protagonismo handia hartzen ari den gaia da eta eskualdeko energia mahaiak erronkei aurre egiteko lanean jarraituko du.

Eskualdean energia eremuan aurrera eramaten diren ekintzak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentua eta Goiekiren arteko hitzarmenean oinarritzen dira.

Ekin eta egin!