Azken aldian energiaren prezioak jasan duen gorakadak, kontsumitzaileak kontsumitzen duen energiaz gehiago kezkatzea eragin du. Horren ondorioz, pertsona asko beren egoeretara hobekien egokitzen den tarifara aldatzea pentsatzen ari dira.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBNk, gaztelaniaz CNMC) web tresna bat garatu du gaur egun merkatuan aurki daitezkeen energia-eskaintzak alderatu ahal izateko. Konparatzaile horrek kontsumo-profil bakoitzerako eskaintzarik onena hautatzen lagun dezake, eta, ondorioz, fakturetan aurreztu.

Segidan, aipatutako konparatzaile hori nola erabiltzen den azalduko da. Bi modu daude:

1) Errazena, argindar fakturan agertzen den QR kodea erabiliz:

Kode hori normalean fakturaren azken orrian egoten da. Aukera hau 15 kW-tik beherako potentzia kontratatua dutenek bakarrik izango dute eskuragarri.

Irudia 1

Kode horrek zuzenean konparatzailera eramaten du, eta beste daturik sartu gabe, merkatuan dauden eskaintza desberdinen zerrenda erakusten du, merkeenetik garestienera.

2) https://comparador.cnmc.gob.es/ web orrira sartuz:

Lehenik eta behin, konparatu nahi den hornidura-mota hautatu behar da: elektrizitatea, gasa edo elektrizitate- eta gas-eskaintza bateratuak.

Irudia 2

Hornidura mota hautatu ondoren, datu guztiak bete behar dira. Horretarako, faktura bat berrikusi daiteke, bertan aurkituko baitira datu horiek guztiak.

"ELECTRICIDAD" hautatzen bada, datu hauek bete beharko dira:

(Garrantzitsua da sartzen diren datu guztiak faktura berekoak izatea)

  1. Posta-kodea.
  2. Fakturaren hasiera-data: gomendagarria da azken fakturarena izatea.
  3. Fakturaren amaiera-data: gomendagarria da azken fakturarena izatea.
  4. Instalazioaren potentzia: kontratatutako kW. Bi potentzia desberdin badaude, idatzi handiena. Potentzia bakarra badago, idatzi zenbaki bera 4, 5 eta 6 puntuetan.
  5. Puntako potentzia: bi potentzia badaude, idatzi puntako aldian kontratatutakoa (P).
  6. Sakonuneko potentzia: bi potentzia badaude, idatzi sakonunean kontratatutakoa (V).
  7. Fakturaren kontsumo osoa: fakturazio-aldi horretan kontsumitutako kWh guztiak. 8, 9 eta 10 puntuen batura izango da.
  8. Puntako kontsumoa: idatzi puntan kontsumitutako kWh-ak (P1).
  9. Kontsumo laua: idatzi lauan kontsumitutako kWh-ak (P2).
  10. Sakonuneko kontsumoa: idatzi sakonunean kontsumitutako kWh-ak (P3).                                                                                                                                                                                                                                       *8, 9 eta 10 puntuak: datu horiek faktura guztietan agertzen dira kontsumoaren atalean edo “consumos desagregados” moduan.
  11. Zerbitzu gehigarriak: hautatu "NO" zerbitzu gehigarririk nahi ez bada, edo hautatu "INDIFERENTE" nahi badira.
  12. Iraunkortasuna: hautatu "NO", ez bada iraunkortasunik nahi, edo hautatu "INDIFERENTE", nahi bada.

Irudia 3

“CONTINUAR” botoia sakatuz, eskaintza desberdinak biltzen dituen zerrenda bat lortzen da. Eskaintza bakoitzaren ondoan, zenbatekoa agertzen da. Prezio horiek, faktura horretan eskaintza hori izanez gero ordainduko litzatekeena adierazten dute.

Lehenengo aukera (A) merkatu arautuaren KTBP tarifa izango da. Tarifa hori erreferentziako merkaturatzaileekin bakarrik kontrata daiteke. Espainian 6 daude:

  • Cur Energía Comercializador de Último Recurso S.A.U. (grupo IBERDROLA).
  • Baser Comercializadora de Referencia, S.A. (grupo TOTAL ENERGIES).
  • Energía XXI Comercializadora de Referencia S.L.U. (grupo ENDESA).
  • Comercializadora Regulada, Gas & Power, S.A. (grupo NATURGY).
  • Régsiti Comercializadora Regulada, S.L.U. (grupo REPSOL).
  • Comercializador de Referencia Energético, S.L.U. (grupo CHC).

Ondoren, hainbat eskaintza dituen zerrenda bat agertzen da (B). Eskaintza horiek guztiak merkatu askekoak izaten dira. Hau da, energia-merkaturatzaile bakoitzak bere prezioak eta baldintzak jartzen ditu. Zerrendak merkeenetik garestienera ordenatzen ditu.

Irudia 4

Kontuan izan behar da, prezio horietan ez dela gasaren doikuntza-mekanismoaren edo topearen kostua (3/2023 Errege Lege Dekretua) sartzen. Baina, fakturazio-aldi horretarako gutxi gorabeherako zenbateko bat ematen duen ohar bat azaltzen da.

Horrez gain, merkatu askeko eskaintzetan ez da sartzen bonu soziala finantzatzeko mekanismoari lotutako kostua, gutxi gorabehera 0,038454614 €/eguneko izaten dena.

Zerrenda lortu ondoren, eskaintza bakoitzaren gainean klik eginez, hiru aukera lortzen dira:

  • Lehenengo fakturaren zenbatekoa: lehenengo fakturen kostua kalkulatzen da.
  • Hurrengo fakturen zenbatekoa: hurrengo fakturen kostua kalkulatzen da.
  • Ezaugarriak: eskaintzaren ezaugarriak ikus daitezke (potentziaren prezioa, energiaren prezioa...). Atal honetan, " INFORMACIÓN ADICIONAL " zatian, hautatutako eskaintzaren webgunera (WEB DE LA OFERTA) joateko aukera ematen da, kontratazio-prozesua errazteko.

Irudia 5

Bestalde, hornidura motan “GAS NATURAL” hautatzen bada, datuak honako hauek dira:

  1. Posta-kodea.
  2. Urteko kontsumo osoa: gasaren fakturan, " evolución del consumo " edo " consumos anteriores " atalean, urteko kontsumoa kalkulatu daiteke. Datu hori ezagutzen ez bada, galdera ikurrean klik eginda, gutxi gorabeherako kontsumo bat hautatzeko laguntza-panel bat agertzen da.Irudia 6
  3. Zerbitzu gehigarriak: hautatu "NO" zerbitzu gehigarririk nahi ez bada, edo hautatu "INDIFERENTE" nahi badira.
  4. Iraunkortasuna: hautatu "NO", ez bada iraunkortasunik nahi, edo hautatu "INDIFERENTE", nahi bada.

Irudia 7

Elektrizitatearen kasuan bezala, “CONTINUAR” botoia sakatuz, eskaintza desberdinak dituen zerrenda agertzen da. Lehenengo aukera merkatu arautuaren TUR tarifa izaten da. Tarifa hori erreferentziako merkaturatzaileekin bakarrik kontrata daiteke. Espainian 4 daude:

  • Cur Energía Comercializador de Último Recurso S.A.U. (grupo IBERDROLA).
  • Baser Comercializadora de Referencia, S.A. (grupo TOTAL ENERGIES).
  • Energía XXI Comercializadora de Referencia S.L.U. (grupo ENDESA).
  • Comercializadora Regulada, Gas & Power, S.A. (grupo NATURGY).

Ondoren datozen eskaintzak merkatu askekoak dira. Hau da, energia-merkaturatzaile bakoitzak bere prezioak eta baldintzak jartzen ditu. Zerrenda horrek merkeenetik garestienera ordenatzen ditu.

Irudia 8

Gasaren kasuan, eskaintzetan klik eginez gero, lehen urteko fakturaren zenbatekoa, bigarren urtekoa eta eskaintzaren ezaugarriak ikusteko aukera dago.

Beraz, informazio guzti hau erabiliz, kontsumitzaile bakoitzak aproposa den energia-eskaintza kontrata dezake.