graphic 01

Goierriko eraldaketa industrialaren motore izateko helburua duen Goierri Valley elkarteak 2017 urteaz geroztik eskualdeko industriaren lehiakortasuna sustatzeko ekintzak garatzen darrai. Hari horri tiraka, enpresetan pertsonen partaidetza sustatzeko lan-ildoa jorratzen ari da.

2019 urtean, “Ilusión” proiektua jarri zen martxan. Bertan, elkarteko enpresek pertsonen konpromisoa eta parte hartzea sustatzen laguntzen duten faktoreak identifikatu zituzten: lidergoa, komunikazioa eta proiektu partekatua. Faktore horiek identifikatuta, enpresekin hauen inguruko lanketa burutu zen, enpresa guztientzat prozesu irekian.
Lehen fase hori amaituta, bigarren fase bati ekin zaio. Honen helburua hamar enpresako talde batean pertsonen parte hartzean oinarritutako eredu baten aldeko apustua egiten duen enpresa sare indartsua lortzea da, modu irekian eta etengabeko prozesu baten bidez, Goierri Valley-ko gainontzeko enpresa eta erakundeekin, enpresen aurreikuspen, zailtasun eta lorpenak partekatuz.
2019 urte amaieran ekin zioten enpresek lanari eta norbera bere beharretara doitutako prozesua garatzen ari da, era berean, ikasitakoak partekatu eta kezkak argitzeko Ezagutza Komunitatea deitu zaion saioak izango dira. Lehen saioa burutu da eta bigarrena datozen hilabeteetan antolatuko da. Proiektuari amaiera emateko, elkarteko enpresa guztiei irekitako lan-saio bat antolatuko da, honako proiektuaren onurak partekatuko dira guztiekin.
Gaur egun, enpresek talentuarekin arazo larriak dituzte, talentua erakarri eta fidelizatzeko geroz eta zailtasun gehiago baitaude. Proiektu honek enpresari pertsonen lekuan jarri eta gertutasuna agertzen laguntzea izango du helburu, pertsonen parte hartzea eta konpromisoa areagotzea sustatuz.
Aipatutako bi proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak finantzatu ditu.