Skip to main content

Euskadin Bimep ikerkuntza azpiegiturak I+G+b alorrari bidea irekiko dio itsas energietan

zaintza teknologikoa

Inaugurazio ekitaldia ostegun honetan, Uztailak 23, gauzatu da. Honen bitartez, 5 urte iraun duen eta 22 milioi euro balio izan duen baimen-izapide eta eraikitze prozesu luze eta konplexu bati eman zaio amaiera, eta Estatu osoan bakarra den itsas instalazio berri hori errealitate bihurtu da jada.

Javier Zarraonandia Bimepeko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakaria burutu zuten inaugurazio ekitaldia hau, non baita ere heldu ziren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Arantza Tapia, Industria eta Turismoko Ministerioaren ordezkariak eta etxeko agintariak. Ekintza Armintzako herrian garatu zen, zeinaren portuan Bimep-eko instalazioak kokatzen dira.

 

Bimepek zenbait itsas azpiegitura ditu, itsas energiak aprobetxatzeko teknologiak garatzen dituzten enpresa guztiei konponbideak eskaintzeko asmoz, itsasoan, benetako egoeretan haien teknologien baliagarritasuna probatu behar dutenei, hain zuzen ere. Horrek guztiak, jakina, denbora eta baliabide asko eskatuko lioke enpresa bakoitzari bere kabuz egin nahi izanez gero, adibidez, probak egiteko behar diren baimenak banaka eskatzea, amarratzeko kableak egokitzea, konexio elektrikoak lehorrera bideratzea ez litzateke egingarria edo bideragarria izango haientzat. Hori horrela, Bimepek eskakizun eta premia guztiak asetzeko moduko eremu bat eskaintzen du, gailuak ikertzeko eta konektatzeko prest dagoena.

Hori aurrera eramateko, Bimepen proba eremuak behar diren baimen eta lehorreko zein itsasoko instalazio teknologiko egoki guztiak ditu. Itsaso zabalean, Armintza-Lemoizeko kaiaren aurrean dagoen eremua 5,2 km2-koa da, eta kostatik gunerik hurbilena 1.700 metrora dago. Haren inguruan 7 buia daude balizatzeko, itsas trafikorako mugak adierazten dituztenak. Horretaz gain, egoera meteorologikoaren eta olatuen baldintzen etengabeko monitorizazioa (24/365) egiten duen buia bat da bertan. Amarrei dagokienez, guztira, lehorrera konektatuta dauden 4 itsas azpiko kable dira; kable horietako bakoitza 5 MW eta 13 kV-ekoa da eta 50-90 metro arteko sakoneran kokatuta daude. Hala,guztizko potentzia instalatua 20 MW-ekoa da itsas azpiegituran.

Aurreko guztia gorabehera, Bimepen zeregin nagusia ez da produktiboa, baizik eta balio erantsi handiko ezagutza teknologiko gune bat izatea, ekoizteko teknologia berrien proba, ikerkuntza eta garapenari esker, itsas energien aprobetxamenduaren bidez. Lehendakaria azpimarratu zuen bezala, hau beste pauso berri bat da Euskal Herrian energi berriztagarriak aurrera eramateko.

Helburu hori lortzeko, itsas azpiko kableen bitartez, Armintzan dauden Bimepen bulegoetara bideratuko dira probatzeko gailuen datu eta parametro guztiak, benetako itsas egoeretan haien baliagarritasuna ezagutzeko aukera emanez. Gaur-gaurkoz, olatuak aprobetxatzeko teknologien artean ez da gailendu edo nabarmendu bakar bat besteen gainetik; beraz, Bimepen garatuko den ikerkuntza teknologikoa garrantzi handikoa izango da errendimendua, fidagarritasuna eta eraginkortasuna balioztatzeko, ustiapen eta mantentze kostuei dagokienez, merkatura jotzeko heldutasun teknologiko maila egokia lortzeko ezinbestekoak direnak.

Hain zuzen ere, Kantabriako Institutu Hidrauliko Fundazioarekin sinatutako akordio estrategikoari esker, ikerkuntza alorreko balio-kate osoan zerbitzuak eskaintzeko bide emango du, tankean eskala txiki edo murritzetarako azterketak egiteko aukera izango baita, eta prototipoak itsaso zabalean, berriz, eskala handian edo errealean, Bimepen probatu ahal izango dira.

Data

29 Uztaila 2015

Kategoria

Industria arloa

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia

Astelehena - Osteguna
08:00 - 13:00 | 14:00 - 17:30
Ostirala
08:00 - 14:00