Skip to main content

Deustoko Unibertsitateko Competitiveness and Innovation masterreko ikasleek study trip-a egin dute Goierrira

Competitiveness and Innovation

 

Deustoko Unibertsitateko Competitiveness and Innovation masterreko ikasleak urriaren 9an Goerrira gerturatu ziren Goiekiko (eskualdeko garapen agentzia) eta Ampo kooperatibako funtzionamendua lehen pertsonan ezagutzera. Beraien irakasle den Miren Estensororen esanetan, study trip honen helburua zen ikasleek “tokiko garapen ekonomikoko prozesu bat gertutik ezagutu zezaten bertan lanean diharduten agenteen bidez”.

 

Goiekin zein Ampon, ikasleek garapen honetan arrakasta izateko elkarlanak duen garrantzia zenbaterainokoa den ikasi ahal izan dute, elkarren arteko lehiaren beraren gainetik. “Elkarren artean lehiakide diren Goierriko enpresa batzuek elkarlanean dihardute proiektu batzuk modu eraginkorrago batean aurrera eraman ahal izateko” zioen Niko Errasti Goiekiko teknikariak. Jon Agirre Ampoko zuzendariak azpimarratu zuen txikitatik ikasten dugula elkarren artean lehiatzen, askotan elkarlanean gehiago lor dezakegula kontuan hartu gabe. Nahiz eta onartzen duen, euren kasuan, lehiakiderik ez dutenez errazago egiten zaiela tokiko enpresekin elkarlanean aritzea.

 

Goieki eta Ampo: bi egokitzapen kasu

Eguna Goiekiko bisitarekin hasi zen (Ordizian), non Niko Errastik garapen agentziak 1993an sortu zenetik gaur egun arte izan duen garapenaz hitz egin zuen. Bere sorreratik suertatu diren erronkei, zeinak hainbat kasutan “enpresa kultura aldatzea eskatu duten”, aurre nola egin zaien azaldu du. Bestalde, Xabier Perez, Zerbitzualdeako teknikariak, une honetan lantzen ari diren proiektuen berri eman zuen.

Jarraian ikasleak Idiazabalera joan ziren, non Jon Agirre, Ampoko zuzendariak, ongietorria egin zien. Berarekin Ampok nola funtzionatzen duen –materialen fabrikazioa, baina baita antolakuntza eta kudeaketari dagokionez ere- eta bere filosofia zein den –teknologia/industria ingurumenarekin koordinatzeko beharra- ezagutu ahal izan zuten besteak beste. “Ez dago arazorik; aukerak baizik”, errepikatzen zien behin eta berriro Agirrek, eta adibide moduan jartzen zuen “ingeniari bat bezero batekin biltzeak zein kostu duen pentsa dezakezu, edo horrek zein onura dakartzan: ingeniariak bezeroa gertutik ezagutuko du; bere kezkak, beharrak, nahiak, etab. zeintzuk diren jakingo du; eta horrekin, itzultzen denean, argiago izango du zer egin behar duen eta gainera motibatuago egongo da egiteko”.

Txangoa Ordiziako Udaletxean amaitu zen. Igor Eguren, udalerriko alkate ohiak eta oraindik Goiekiko Lehendakariak, agentzian izan zuen esperientziaren berri eman zien, organismo honentzat aurreko legealdian zehar garrantzitsuak izan ziren elementuak azpimarratuz.

 

Data

16 Azaroa 2015

Kategoria

Industria arloa

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia

Astelehena - Osteguna
08:00 - 13:00 | 14:00 - 17:30
Ostirala
08:00 - 14:00