Joan den ostiralean, maiatzak 5, Goiekin egindako topaketarekin, Ekonomia eta Ogasun Sailak amaitu du Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzaren bitartez apiriletik Europako funtsei buruz enpresa txiki eta ertainentzat eta udalentzat egindako informazio-saioen egutegia.

Jardunaldi honetan SEM – Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko Europako funtsen egoera eta, batez ere, dirulaguntza, bestelako laguntza eta deialdi horietarako sarbideak ezagutzeko interesa izan duten hainbat enpresetako ordezkariek parte hartu dute.

Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuorde Iñaki Barredok, Kabinete eta Koordinazioko buru Yurdana Burgoak eta Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendari Juan Alberdik azaldu dute Europako funtsak erakartzeak aukera emango duela eredu ekonomiko eta sozial berri baterantz aurrera egiteko: “eredu ekonomiko eta sozial berria, gizatiarragoa eta ingurunearekiko errespetuzkoagoa; aurrerapen jasangarrian, berrikuntzan eta berdintasunean oinarritua”, trantsizio ekologiko, digital eta sozialaren erronkei aurre egiteko.

Saio honetan, bereziki nabarmendu da 2023a “funtsezko urtea” dela funtsak erakartzeko, eta parte-hartzaileei gonbita egin zaie Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuaren tresna digital irekiak erabil ditzaten, funts horietara iristeko bideak ezagutu eta beren proiektuak finantzatzeko aukerak identifikatzen saia daitezen.

Next Generation funtsen inguruan informazio gehiago nahi baduzu, hemen duzu txostena eskuragarri:  pdf Next Generation EU Aukerak eta Erronkak Euskadin (Saioa Goieki)A (2.61 MB)