Badugu zerbait berezia Goierrin. Barnetik mugitzen gaituen sentimendua. Eskualde mailako nortasuna marrazten duen izaera, beti aurrera begiratuz, gure ingurukoak zaindu eta gure etorkizuna egin eta babesteko sena. Goierri beti izan da kolaborazio eta elkarlanaren eredu, horrek bultza izan gaitu punta-puntako eskualde eredugarri bilakatzera.
Gaur egun ere, hain gurea den espiritu hau bermatzeko beste aurrerapauso bat ematen ari gara, kezka eta balio partekatuak dituen Goierriko eskualdean, denen arteko harreman sarea sortuz.
Ziurgabetasun handiko etorkizuna dugu aurrean eta momentuan ez dugu zapaltzeko lur irmorik. Abiada azkarrean aldatzen den errealitatean bizi gara eta gauzak beste modu batera egiteko beharra dagoela badakigu. Gure gain hartu behar dugu erronka hau; guk beste inork ezin du gure etorkizuna irudikatu eta.
Bide berri eta partekatu bat irekitze aldera, gure ekosistema aberats hau saretuko duen lantaldea osatu dugu, Goierri BarNETik.
Goierriko ordezkari ezberdinez osatutako sarea gara; udaletxe, garapen agentzia eta Goierriko beste 16 eragile nabarmenek osatua. Elkarrekin eta hiritargoaren ahalduntze eta kolaborazioaren bultzadaz, eskualdearen etorkizuna marraztu, eraiki eta garatzeko sortutako ekimena.
Pausoz pauso, estrategia orokor eta konpartitua garatuz, bisio eta akzio bateratuen bitartez, aurre egin beharreko erronkak identifikatuko dira. Eta landa eremuaren zaintzan, aniztasunean, mugikortasunean, energian, aldaketa klimatikoan zein konexio digitalaren inguruan jorratu beharreko bideaz eztabaida bultzatu eta adostasuna bilatuko ditugu, besteak beste.
Dagoeneko egindako lan saioetan hiru lehentasunezko eremu definitu dira, zaintza, landa eremua eta energia. Eta alor horietan lanean gabiltza ondorengo eskema jarraitzen duen sarea dinamizatuz.