Skip to main content

Enpresa ekimen berrien XXVI.lehiaketaren sari banaketa

Enpresa ekimen berrien XXVI.lehiaketaren sari banaketa

2023an urte bat gehiago batu dio Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak bere historikoari eta oraingo honetan 26 urte bete ditu.

XXVI. edizioa ospatzeko eta aurtengo Lehiaketaren sari banaketa gauzatzeko, ekitaldi berezia antolatu dute gaur, azaroak 8, Goierriko Garapen Agentziak eta Goierri Valley Elkarteak elkarlanean, Ampoko balbuletako eraikinean. Udalak, Enpresa Babesleak, eskualdeko ikastetxeetako ordezkariak eta beste hainbat eragile gerturatu dira bertara.

Goiekik hainbat proiektu garatu ditu 2023an, horien artean eskualdeko enplegu plana eta ZTIM bokazio eta lanbideak. Burutu diren diagnostiko guztietan argi eta garbi geratzen dira momentuko erronkak, demografia aldaketa, profesional falta industrian, erreleboak eta genero arteko desberdintasunak ZTIM lanbideei dagokionez.

Egoera honetatik abiatuta, gizonek protagonismo handia duten sektoreetan, emakumeek ere zer esan eta zer egin handia dutela aldarrikatu nahi izan da sari banaketa ekitaldi honetan.
Hori dela eta, aurtengo hitzaldiko gonbidatu berezia ANE MINTEGI tenislari idiazabaldarra izan da, Wimbledon 2021eko junior txapelduna.

Baina ez da izan bere traiektoria kontatu digun emakume bakarra, AMPOko I+G saileko arduradunak, Leire Colomok, eta GEOLANeko bazkideak, Alicia Risueñok, lan egiten duten sektoreetan dagoen errealitateaz eta bizitako ibilbideaz hitz egin digute.

Ekitaldiari Mikel Arrizabalagak, Goierri Valleyko presidenteak eman dio hasiera, Goierri Valley Elkarteak ZTIM bokazioetako emakumeen talentua bultzatzeko duen erronken inguruan hitz eginez. Jarraian, Maialen Sánchezek, Goiekiko Ekintzailetzako arduradunak, Ane Mintegi, Leire Colomo eta Alicia Risueño aurkeztu ditu. Ane Mintegiren 25-30 minutuko hitzaldiarekin hasi da saioa, jarraian, Alicia Risueñok eta Leire Colomok esku hartu dute beraien ibilbideko 10 minutuko aurkezpen txiki batekin.

Hitzaldiekin amaitzeko, hiruen arteko mahai ingurua egon da galdera eta erantzunekin.

XXVI. SARI BANAKETA

Hitzaldien ostean, Enpresa Ekimen Berrien XXVI. Sariketari ekin zaio. Goierri bailaran ekintzailetza eta enpresa ekimen berrien sorrera bultzatzeko sortu zen sariketa hau eta urte guzti hauetan zehar hainbat enpresa eta ekintzaile saritu ondoren, aurtengoan ere eskualdeko enplegua eta aberastasuna sustatzen dihardugu.
XXVI. Ekitaldi honetan, aurreko urteetan egin den bezala, 3 kategoria egon dira eskuragarri ekintzaileek euren proiektuak aurkezteko:


1. Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onena. Sustatzailearen irudia bultzatu eta bailaran lana eta aberastasuna sortzea, proiektu berritzaile, sendo eta bideragarri baten bitartez.
2. Enpresan Buruturiko Proiektu berritzaile onena. Eskualdeko enpresa txiki eta ertainetako produktu, prozesu, merkatu, antolakuntzan, etab. berrikuntza sustatu.
3. Ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onena. Lan munduan txertatzeko zailtasunak eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonen ahaleginak balioztatu eta ekintzailetzaren bitartez lan munduan txertatzeko bultzakada eman.

Aurtengo enpresa babesleak, Irizar, Ampo, Goilan Fundazioa, Goierri Beheko Industrialdea, Tacticco, Orkli, Arcelor Mittal, Hine, Nippon Gases, Gitb, Hitza, Aluminox, Arri, Ederfil Becker, Ezarri, Goilaser, GH, Jaso Industrial Cranes eta Biok izan dira.


XXVI. ekitaldi honetan lehiaketarekiko interesa erakutsi duten proiektu guztien artean azterketa sakon bat egin ostean, 9 izan dira aurkezteko baldintzak bete dituztenak eta azken fasera iritsi direnak. Kategoria desberdinetan sailkatu diren 9 proiektu horiek epaimahaitik pasa dira eta ondorengoak izan dira irabazleak:

ENPRESA EKIMEN BERRIKO PROIEKTU ONENA:

Saria, 6.000€, BIOVASK- entzat izan da.

ENPRESAN BURUTURIKO PROIEKTU BERRITZAILE ONENA:

Saria, 2.000€, BIOK ZERBITZUAK S.L. enpresarentzat izan da.

EKINTZAILETZAREN BITARTEZ GIZARTE INKLUSIO PROIEKTU ONENA:

Saria, 2.000€, AITZKORPE KAFETEGIA -rentzat izan da.

 

Enpresa Ekimen Berriko proiektu onenaren saria BIOVASK proiektuarentzat izan da. Proiektu berri honen sustatzailea Unai Llorente da. BIOVASK proiektua tenebrio intsektuak hazi eta merkaturatzean oinarrituko da. Intsektu honetatik lortutako elikagaia animalientzako proteina ugariko elikatze-iturria, naturala eta kalitate handikoa izango da. Beraz, gaur egun animali batzuk jaten dituzten pentsuak ordezkatuko lituzke.

Bigarren kategoriako saria, Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onena, BIOK ZERBITZUAK S.L. enpresarentzat izan da. BIOKek eraldaketa digital handia burutu du enpresan azken urte hauetan eta prozesu honetaz gain, azken urtean garatu duen produktu propio batengatik saritua izan da. Produktu digital berri honek, bezeroari bere informazioa denbora errealean ikustea ahalbidetuko dio, sortutako panel digitalean adierazle garrantzitsuenak ikusiko dituelarik. Enpresak eskura izango ditu bere azken urteetako emaitza eta zenbakiak eta baita urteko helburu estrategikoak. Honekin, era oso bisual batean, enpresaren egoera eta aurreikuspenak ikusiko ditu, urtea nondik nora joan daitekeen erraz aztertuz. Ondorioz, bezeroak, bere enpresako erabaki estrategikoak azkar hartu ditzake, eguneroko kudeaketa eta emaitzak hobetuz.

Hirugarren kategoriako saria, AITZKORPE KAFETEGIA proiektuarentzat izan da. Negozioaren arduraduna Ana Corduneanu da eta negozioa Zegaman kokatzen da. Kategoria honen helburu nagusia lan munduan txertatzeko zailtasunak izan dituzten pertsonek burutu beharreko esfortzua balioan jartzea da eta norbere kabuz enpresa proiektu bat abian jartzeagatik.

Amaitzeko, Goierri Berrikuntza Guneko parte diren Goierri Eskola, Lortek eta Goieki, orain dela urte batzuk martxan jarritako kategoriarekin jarraitzen da, orduan esperientzi pilotua zena gaur egun urtero aurrera eramaten den ekintza bat bihurtu da. Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailako Zikloan kultura ekintzailea sustatzeko asmoz, 2022-2023 ikasturte honetan ikasleak eta enpresak harremanetan jarri ditugu beste behin, enpresak planteatu duten behar zehatz baten inguruan bideragarritasun plan bat lantzeko asmoz. Guztira 4 proiektu landu dira, beraz, azken kategoria honek ekintzailetza proiektu garapen onena sarituko du, kasu honetan saria SILVER MUIN BOX landu duen taldearentzat izan da. Talde honek bere proiektuan zehar ezintasunak dituzten pertsonentzat sortuta dauden euskarrien infantilizazioa ekiditea izan da.

Data

08 Azaroa 2023

Kategoria

Ekintzailetza

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia