Skip to main content

27 urte Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketa ospatzen

27 urte Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketa ospatzen

Gaur, azaroak 14, Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak sari banaketa ekitaldia gauzatu du Goiekiko auditorioan, Ordizian. Aurtengo edizioarekin, Lehiaketak 27 urteko ibilbidea bete du. Ekitaldira, Udalak, Enpresa Babesleak, Irabazleak, Goierri Eskolako ikasleak eta eskualdeko beste hainbat eragile gerturatu dira. 

Adur Ezenarrok, Goiekiko presidenteak, ireki du ekitaldia eta jarraian, Maialen Sanchezek, Goiekiko Ekintzailetza arloko arduradunak, hitza eman eta gero, HINEko Mikel Arrizabalaga eta Manu Egañak hitzaldi bat eskaini dute: HINE 50. Urte, Sustraiak eta Hegoak.

XXVII. SARI BANAKETA

Hitzaldien ostean, Enpresa Ekimen Berrien XXVII. Sariketari ekin zaio. Goierri bailaran ekintzailetza eta enpresa ekimen berrien sorrera bultzatzeko sortu zen sariketa hau eta urte guzti hauetan zehar hainbat enpresa eta ekintzaile saritu ondoren, aurtengoan ere eskualdeko enplegua eta aberastasuna sustatzen dihardugu. 

XXVII. Ekitaldi honetan, aurreko urteetan egin den bezala, 3 kategoria egon dira eskuragarri ekintzaileek euren proiektuak aurkezteko:

  1. Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onena. Sustatzailearen irudia bultzatu eta bailaran lana eta aberastasuna sortzea, proiektu berritzaile, sendo eta bideragarri baten bitartez.
  2. Enpresan Buruturiko Proiektu berritzaile onena. Eskualdeko enpresa txiki eta ertainetako produktu, prozesu, merkatu, antolakuntzan, etab. berrikuntza sustatu.
  3. Ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onena. Lan munduan txertatzeko zailtasunak eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonen ahaleginak balioztatu eta ekintzailetzaren bitartez lan munduan txertatzeko bultzakada eman.

Aurtengo enpresa babesleak, Irizar, Ampo, Goilan Fundazioa, Goierri Beheko Industrialdea, Tacticco, Orkli, Arcelor Mittal, Hine, Nippon Gases, Gitb, Hitza, Aluminox, Arri, Ederfil Becker, Ezarri, Suministros Industriales Gamesa, Goilaser, GH, Jaso Industrial Cranes eta Biok izan dira.

XXVII. ekitaldi honetan lehiaketarekiko interesa erakutsi duten proiektu guztien artean azterketa sakon bat egin ostean, 10 izan dira aurkezteko baldintzak bete dituztenak eta azken fasera iritsi direnak. Kategoria desberdinetan sailkatu diren 10 proiektu horiek epaimahaitik pasa dira eta ondorengoak izan dira irabazleak:

  • ENPRESA EKIMEN BERRIKO PROIEKTU ONENA:
    • Saria, 6.000€, ALAINE ALBISU -rentzat izan da.
  • ENPRESAN BURUTURIKO PROIEKTU BERRITZAILE ONENA:
    • Saria, 2.000€, CALDERERÍA AITZGORRI  enpresarentzat izan da.
  • EKINTZAILETZAREN BITARTEZ GIZARTE INKLUSIO PROIEKTU ONENA:
    • Saria, 2.000€, CVS Instalazio Elektrikoak -rentzat izan da.

Enpresa Ekimen Berriko proiektu onenaren saria ALAINE ALBISU -rentzat izan da. Proiektu honen atzean dagoen pertsona, Alaine Albisu, 20 urteko ekintzaile bat da pasioz eta esfortzuz lan egiteko gogoarekin. Gure eskualdean ohikoa ez den sektore batengatik apustua egin duena eta tradizioa, teknologia, ingurumena eta digitalizazioa txertatu dituena.

Diseinatzaile gisa, tokiko baliabideei balioa ematea da bere egitekoa, Merino eta Latxa artileari, esaterako, moda jasangarria sortzeko. Poltsak egitetik kardiganak egiteraino.

Alainek sortutako enpresaren jarduera nagusiak honakoak dira:

  • Bilduma esklusiboak sortzea material ekologikoak eta teknika berritzaileak erabiliz, diseinu digitala eta artisautza tradizionala uztartuz.
  • Puntuzko eskuzko teknikak eta makineria espezializatua —hala nola trikotagarriak eta birmarkagailuak— erabiliz jantziak fabrikatzea, 3Dko teknologia txertatzeko planekin.
  • Material jasangarri berrien etengabeko garapena, kombuka ehunena eta bioplastikoena adibidez, modaren industrian berritzeko.
  • Onlineko kanal propioen bidez merkaturatzea, tokiko dendekin lankidetzan aritzea eta moda-ekitaldietan parte hartzea, markaren ikusgarritasuna maximizatzeko.

Bere balio garrantzitsuenak diseinu esklusiboa, material berritzaileak, pertsonalizazioa eta trazabilitatea dira.

Alaine Albisuren ikuspegia tradizioa eta berrikuntza uztartzen jakin duten tokiko erreferenteekin lerrokatuta dago, hala nola, Boinas Elosegui, Ternua, Loreak Mendian eta SKFK. Maider Alzaga eta Ordiziako IMZ diseinatzaileak miresten ditu.

Bigarren kategoriako saria, Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onena, CALDERERÍA AITZGORRI enpresarentzat izan da. Enpresak jarraikortasunaren ondorioz seme-alabaren eskuetara pasa zen kudeaketa eta orduz geroztik, eraldaketa prozesu batean murgildu da; datuen gobernantzatik abiatuta digitalizazio prozesu garrantzitsu bat garatu dute, inbertsio garrantzitsuak egin dituzte soldadurako robot espezializatu bat eskuratzeko eta lan errepikakorrak egiteko, honek efizientzian, kalitatean eta balio proposamen handiago bat eskainiz, eta guzti honen eskutik dibertsifikazioa garatu dute bai eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, bai merkatuetan.

Hirugarren kategoriako saria, CVS Instalazio Elektrikoak proiektuarentzat izan da, Valentín Cristi Saracu-k sortutakoa. Bere ibilbide pertsonalean izandako zailtasunez gain, martxan jarri duen proiektuak bere laneratzea eta integrazioa lagundu du. Gremioen sektorean identifikatutako profesional-gabeziak motibatu du Valentin proiektua sortzera, baita negozioen jarraitutasunik ezak ere. Valentinek ofizioa ikastea erabaki du, bere burua trebatuz eta profesionaltasun ziurtagiri bat osatuz. Ikasitako guztiarekin eta egindako lan praktikekin pozik, bere kabuz jarri eta bere lanpostua sortzea erabaki du. Eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzeko ilusioa du.

Amaitzeko, Goierri Berrikuntza Guneko parte diren Goierri Eskola, Lortek eta Goieki, orain dela urte batzuk martxan jarritako kategoriarekin jarraitzen du, Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailako Zikloan kultura ekintzailea sustatzeko asmoz. 2023-2024 ikasturte honetan ikasleak eta enpresak harremanetan jarri ditugu beste behin, enpresak planteatu duten behar zehatz baten inguruan bideragarritasun plan bat lantzeko asmoz. Guztira 5 proiektu landu dira, beraz, azken kategoria honek ekintzailetza proiektu garapen onena sarituko du, kasu honetan saria HUB 4.0  landu duen taldearentzat izan da. Proiektuaren helburu nagusia 4.0 teknologiaz osatutako gune bat diseinatzea izan da, ETEen garapen teknologikoa sustatzeko. Makina batzuk gaur egun existitzen dira, baina fabrikazio gehigarrira bideratuta daude soilik. Helburua espazio handiago eta osatuago bat sortzea izan da, non, fabrikazio gehigarriaz gain, beste 4.0 teknologia batzuk ikusi eta probatu ahal izango diren. Enpresa txiki eta ertainei garapen teknologikoan lagundu nahi zaie, eta, horretarako, teknologia berriak deskubritzeko espazio oso bat eraiki nahi izan da, inbertsioak egin aurretik makinak probatu ahal izateko. Beraz, proiektuaren muin nagusia etorkizunean egin beharreko teknologia berrien azterketa izan da.

Data

15 Azaroa 2024

Kategoria

Gaurkotasuna

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia