Skip to main content

Goierri BarNETik 2025-2026rako ibilbide orri partekatua aurkeztu eta onartu du

Goierri BarNETik 2025-2026rako ibilbide orri partekatua aurkeztu eta onartu du

Goierriko gobernantza sarea, Goierri BarNETik, osatzen duten eragileen arteko lankidetza hitzarmena sinatu eta bederatzi hilabetera, Goierri BarNETik sareak bere lehen batzar eratzailea egin du, eta horrekin batera lankidetza aurrera eramateko bulego teknikoaren egitura, kideak eta funtzioak, proiektu estrategikoen definizioa eta 2025-2026 eperako aurrekontu plangintza.

Ekitaldian Goierriko udaletako ordezkariak, eta eskualdeko eragile pribatu eta komunitario hainbat bildu dira, eta lortutako aurrerapenen baliozkotze kolektiborako gune gisa eta hurrengo ezarpen-faserako abiapuntu gisa balio izan du.

2025eko urtarriletik, sareak etengabe lan egin du gobernantza partekatuaren ereduan, parte-hartze aktiboan, gardentasunean eta erantzunkidetasunean oinarrituta. Bulego tekniko bat sortzea funtsezkoa izan da prozesu hori artikulatzeko, eta ahaleginak koordinatzeko eta baliabideak lurraldearen erronkei erantzuten dieten proiektuetara bideratzeko aukera eman du.

 

Bulego teknikoa: sarearen motor eragilea

Goierri BarNETik sarean bulego teknikoaren osaerak garrantzi handia hartzen du. Bulego teknikoaren egitekoa, azken batean, Goierri BarNETik testuinguruan definitzen diren proiektuak exekutatu eta errealitate bihurtzea izango da. Sinatutako hitzarmenaren arabera bulego teknikoaren lidergotza ardura Goiekik izango du, koordinazio orokorra beregan hartuz. Hala ere, bulego teknikoaren parte izango dira ere eskualdeko bestelako eragileak, guztien arteko elkarlana izango delarik eremu honen oinarrian egongo dena. Goiekirekin batera bulego teknikoan parte hartuko duten bestelako eragileak zeintzuk izango diren onartu da irailak 16ean egindako batzar eratzailean. 

Hori horrela, bulego teknikoa jarraian azaltzen diren erakundeek osatzen dute, eta funtsezko funtzioak betetzen dituzte elkarlanaren artikulazioan:

  • Goieki – Koordinatzaile nagusia.
  • Goimen – Landa garapeneko eragile erreferentea.
  • Goiener – Energia alorrean erreferentea.
  • Biziola – Komunitate aktibatzailea eta eraldatzailea.
  • Caritas – Errealitate ezberdinen ahotsa, zubigilea.
  • Hitza eta Goierri Irrati Telebista – Eraldaketarako narratiba berrien sortzaileak.

Egitura horrek kudeaketa arina, eraginkorra eta sarearen helburu komunekin bat datorrena ahalbidetzen du. 

 

2025-2026rako definitutako proiektu estrategikoak

Batzar eratzailean ere 2025 eta 2026 urteetan garatu beharreko proiektu estrategikoak eta hauen aurrekontuak onartu dira. Proiektu estrategikoak Goierri BarNETik-en markoan energia eta landa garapen prozesuetatik eratorritako proiektuak dira.

Konkretuki, trantsizio energetikoari dagokion prozesua 2023. urtean egin zen. Prozesu horretan energiarekin zerikusia izan zezaketen eskualdeko eragile eta norbanakoak bildu ziren eta 2030. urterako CO2 isurketak % 55an gutxitzeko helburua adosteaz gain, bertara heltzeko proiektu berritzaile batzuk irudikatu eta adostu ziren. Une honetan, energia trantsizioari erantzuten dioten 4 proiektu garatzen ari dira eskualdeko eragileen lankidetzaren bitartez.

Landa garapeneko prozesua berriz 2025. urtean egin da. Kasu honetan ere, eskualdeko eta sektoreko hainbat eragile bildu dituen lau saio egin dira. Bertan, 2040. urterako nekazal ekoizpen eta elikadura jasangarria % 20ean handitzeko helburua ezarri da, eta baita landa eremuko herrietako populazioaren hazkunde orekatua lortzea ere, herri bizigarriak lortzeko helburuan arreta berezia jarriz. Horretarako, 5 ideia berritzaile definitu dira, eskualdeko landa garapenean inpaktu esanguratsua izan dezaketenak.

Proiektu horiez gain, Goierri BarNETik sareak hirugarren erronka bati heltzea ere aurreikusten da: zaintzaren erronka. Horretarako, 2026. urtean, erronka honi erantzuteko lehen gerturatzelanak egitea aurreikusten da.

Azkenik, Goierri BarNETik sareak garrantzi handia ematen dio Goierrin gertatzea nahi den eraldaketa komunikatu eta herritarrekin eraikitzeari. Goierriren eraldaketak narratiba berriak behar ditu, eta egiteko horretarako ezinbestekoak dira Goierriko komunikazio eragileak. Horretan ere aurrekontuak egiteko batzuk aurreikusi ditu.

Proiektu hauek lurralde garapen jasangarri, berritzaile eta Goierriko beharrekin lerrokatutako baten aldeko eragileen konpromisoa islatzen dute.

 

Inplementaziorako adostutako aurrekontuak

Sareak 479.523,50 € -ko aurrekontua zehaztu du 2025-2026 epealdian proiektu estrategikoak garatzeko. 

Lurralde gobernantza inklusiboago, eraginkorrago eta emaitzetara bideratuago baten aldeko eragileen konpromisoa berretsi du ekitaldiak. Goierri BarNETik sareak aurrera darrai, ikuspegi partekatu eta elkarlanerako borondate irmoarekin.

 

Data

23 Iraila 2025

Kategoria

Gaurkotasuna

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia