Goierrik euskal diasporako 21 gazte hartu ditu euskara eta euskal kultura bertatik bertara ezagutzeko
Ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean, parte-hartzaileak Goierriko familiekin biziko dira, eta horri esker, Euskal Herriko hizkuntza, kultura eta bizimodua bertatik bertara ezagutzeko aukera dute. Familia-harrera da programaren ardatz nagusietako bat; izan ere, eguneroko bizitzan euskara praktikatzeko, herrietako dinamikan parte hartzeko eta egonaldia amaitu ondoren ere iraungo duten harreman pertsonalak sortzeko aukera eskaintzen du.
Familia-egonaldiaz gain, programak euskal ondarea, historia eta tradizioak ezagutzeko jarduera-egitarau zabala eskaintzen du. Aste hauetan zehar euskal dantza, herri kirolak, pilota eta txalaparta tailerretan parte hartu dute; Iruñea, Bilboko Euskal Museoa, Donostiako San Telmo Museoa, Gernikako Juntetxea eta Gaztelugatxe bisitatu dituzte; Ordiziako eta Gernikako merkatu tradizionalak ezagutu dituzte eta sukaldaritza tailer batean parte hartu dute Basque Culinary Centerren, beste hainbat jardueraren artean.
Datozen egunetan, Tolosan egingo den hackathon batean parte hartuko dute euskal diasporaren erronkei buruz hausnartzeko, eta Lapurdira ere joango dira euskal kulturarekin lotutako hainbat ekimen ezagutzera.
Goieki egitasmo honen parte da, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin, Batzen Kultur Elkartearekin eta gainerako erakunde laguntzaileekin batera. Horrela, eskualdeak Euskadiren eta munduan zehar banatutako euskal komunitateen arteko loturak sendotzeko duen konpromisoa berresten du.
Aurtengo edizioan guztira 49 gaztek hartzen dute parte, Argentina, Uruguai, Australia, Estatu Batuak eta Kanadatik etorrita. Goierrik Ipar Amerikako taldea hartzen duen bitartean, Busturialdea-Urdaibaik gainerako parte-hartzaileei egiten die harrera.
Gaztemunduri Ateak Ireki bezalako egitasmoei esker, Goierrik kultura-trukerako lurralde irekia izaten jarraitzen du, euskal diasporako belaunaldi berriek Euskadi gertutik ezagutu, eta euskararekiko, euskal kulturarekiko eta beren sustraiekiko lotura bizirik mantentzen lagunduz.