Skip to main content

Elkar-Ekin Lanean programak lan mundura gerturatzeko 2025-2026 formakuntza plana prest du eta otsailak 13an aurkeztu zen

Elkar-Ekin Lanean programak lan mundura gerturatzeko 2025-2026 formakuntza plana prest du eta otsailak 13an aurkeztu zen

Elkar-EKIN Lanean Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoak departamentuak (% 85) eta Goierriko udalek (% 15) bultzatu eta finantzatzen duten ekimena da. Enplegu-programa honen helburu nagusia eskualdean egoera ahulean dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea da, eta, aldi berean, pertsona horien gizarteratzea eta laneratzea sustatzea.

Goierriko gizarte eta eskualde kohesioa hobetzeko bidean

Proiektu hau Goierriko gizarteratzeko eta laneratzeko sarea osatzen dugun hainbat erakunderen arteko lankidetzaren bidez gauzatzen da: Caritas Goierri, Gurutze Gorria, Sarea Fundazioa, Prospektiker, Ede Fundazioa, Goierri Eskola, Biok Zerbitzuak, eskualdeko gizarte langileen ordezkaria eta Goieki. Talde ahulei prestakuntza, praktikak, laguntza eta aholkularitza eskaintzeko lan egiten dugu, lan-mundura errazago sar daitezen eta, aldi berean, Goierriko gizarte- eta eskualde-kohesioa hobetu dezan.

2023-2024 hitzarmenak oso emaitza onak utzi ditu gure eskualdean. Programan, 189 pertsonek hartu dute parte (Lorezaintza, Garbiketa, Ehungintza eta Zaintzako prestakuntzetan); horietatik 95 pertsona izan dira gaituak eta 51k praktikak egin zituzten, ondorioz 50 parte-hartzaileen  laneratzea lortuz.

Bide beretik jarraitu nahi da 2025-2026 hitzarmen berriarekin, Lorezaintza, Sukaldaritza eta Zaintzako formakuntzak eskainiz. Prestakuntza-ibilbide guztiak, eskualdeko enpresa publiko edo pribatuetan praktikak eginez amaitzen dira.

2025-2026 hitzarmen berria

Aurrez aipatutako prestakuntza ibilbideetan zerbitzu eta prestakuntza osagarri berriak sartu dira. Hala nola, Gaitasun soziolaboralak; parte-hartzaileek, Ede Fundazioarekin, trebetasun pertsonalak, profesionalak eta lana bilatzeko trebetasunak landuko dituzte. Gainera, Sukaldaritzako formakuntzan, Goierriko oinarrizko kontzeptuei buruzko prestakuntza jasoko dute eta elikagaien manipulatzaile titulua lortuko dute Goiturren eskutik. Aldiz, eskualdeko nutrizionista den Amaia Ayerbek, adinekoen ongizatearekin lotutako gaiekin osatuko du zaintzako prestakuntza, elikadura, nutrizioa eta ariketa fisikoa barne. Era berean, hitzarmen osoan zehar, Biok Zerbitzuak Elkar EKIN Lanean programako kideentzako atzerritartasun lege-aholkularitza zerbitzua eskainiko du.

Hizkuntzaren garrantzia azpimarratu nahi dugu; izan ere, parte-hartzaile horiek profesionaltasun-ziurtagiri batekin amaitzen dute, eta maila bat behar dute prestakuntza-ibilbide horiek egin ahal izateko eta lan-munduan txertatzeko. Ez da oztopo; izan ere, hizkuntza-maila izan ezean, ikasleek gaitasun matematikoak, linguistikoak eta digitalak lantzen hasi dezakete beraien ibilbidea. Oinarrizko konpetentziako formakuntzan indartzeko aukera izango dute, ondoren, beraiek aukeratutako prestakuntza-ibilbideren batean txertatu ahal izateko.

Aurkezpen saioak

Prestakuntza-ibilbideak eta horien ezaugarriak zehazteko asmoz, informazio-saioak antolatu ziren otsailaren 13an, osteguna, Goiekiko instalazioetan. Saio horiek bi ordutegitan egin ziren: lehena 10:00etan, 27 parte-hartzailerekin, eta bigarrena 15:00etan, 23 interesaturekin. Guztira, 50 pertsona joan ziren saioetara, eta Elkar Ekin Lanean sareko kideek ibilbide guztiak aurkeztu zituzten, bakoitzean egin beharreko urratsak xehe-xehe azalduz. Aurkezpenaren ondoren, interesdunek fitxa bat osatu zuten beren datu pertsonalekin, eta sarbide-proba labur bat egin zuten 1. eta 2. mailako profesionaltasun-ziurtagirietarako. Azkenik, parte-hartzaile bakoitzari hitzordu bat esleitu zitzaion banakako elkarrizketa baterako, eta, elkarrizketa horretan, prestakuntza-ibilbide pertsonalizatua aurkeztuko zaie.

Data

03 Otsaila 2025

Kategoria

Gizarte arloa

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia