Martxan da Elkar-Ekin Lanean programaren LORATU Goierri ibilbidea!
Aurten ere abian da Elkar-Ekin Lanean enplegu programa, Goierriko Gizarteratze Sarean parte hartzen duten erakundeekin elkarlanean sortua: Caritas Goierri, Gurutze Gorria, Sarea Fundazioa, Prospektiker, EDE Fundazioa, Goierri Eskola, Biok Zerbitzuak, eskualdeko gizarte langileen ordezkaria eta Goieki.
Otsailaren 24an, 18 laguneko talde batek LORATU Goierri formakuntza hasi zuen, eta ekainaren erdialdera arte klase teorikoak egingo dituzte. Lau hilabetez, Fraisoro Eskolan trebatuko dira, lorezaintzako oinarrizko eragiketetan gaitasuna eskuratuz eta, aldi berean, gaitasun soziolaboralak garatuz, Ede Fundazioarekin lankidetzan.
Astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 14:00etara, Lorezaintzako oinarrizko eragiketak modulu teknikoetan jasoko dute prestakuntza Zizurkilen, eta ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara, gaitasun soziolaboralak garatzera bideratuko dira Goiekiko eraikinean. Saio horietan, hainbat kontzeptu landuko dituzte, hala nola gaitasun pertsonalak (autoezagutza, autoestimua, proaktibitatea), gaitasun sozialak (talde-lana, komunikazioa, gatazkak konpontzea), lan-kultura eta Euskadiko lan-merkatua (Lanbide, SEPE), enplegu-atariak eta lan-bilaketa. Horrez gain, curriculum vitaea egiten eta lan elkarrizketetarako prestatzen ere arituko dira.
Lorezaintzako prestakuntzari dagokionez, aurreko edizioetan, profesionaltasun-ziurtagiriaren modulu bakarra eskaini zen, lorategietako eta berdeguneetako instalazioetan oinarritua. Aurtengo edizioan, gainera, lorategiak eta berdeguneak mantentzera bideratutako bigarren modulu bat emango da, parte-hartzaileek gaitasun handiagoa izan dezaten.
Moduluen garapenean zehar, Haritz Elosegi, Oihane Larretxea eta Imanol Amantegi dira formakuntzaz arduratuko diren irakasleak, Lur Gardenera, Lorategi Botanikora eta Miramongo parkera egingo diren bisitetan ere parte hartuko dutenak. Lehen aipatu bezala, formakuntzak lau hilabeteko iraupena izango du, eta Goierri eskualdeko udaletako brigadetan gutxienez 80 orduko praktikekin bukatuko da.
Ibilbide honi amaiera emateko, ekitaldi txiki bat egingo da non bertan diploma banaketa egingo zaie Loratu Goierri formakuntza gainditu duten partaideei.