Argia eta gasa kontratatzeko jardunbide egokiak

Argindar edo gas hornidura kontratatzea ez da prozesu konplexua, baina baldintzak ondo aztertzen ez baditugu, espero gabeko kostuak edo baldintza desegokiak aurki ditzakegu. Fakturan ezusteko desatseginak ekiditeko, hemen dituzu energia hornidura kontratatu eta kudeatzeko zenbait aholku:
1. Aztertu zure kontsumoa tarifa aukeratu aurretik
Argiari dagokionez, aztertu zure kontsumo-ohiturak, ordu-bereizketa duen tarifa bat komeni zaizun jakiteko.
2. Konparatu erabaki aurretik
Aldera itzazu eskaintzak ezberdinak, ez geratu jasotzen duzun lehenengoarekin: merkatu arautua, merkatu librea... Zenbait tresna erabil ditzakezu, hala nola CNMCren konparatzailea, modu erraz batean zenbait aukera aztertu eta zure beharretara hobekien egokitzen den tarifa aukeratzen lagunduko dizu.
CNMCren eskaintza-konparatzailea zer den eta nola erabili jakin nahi baduzu, egin klik hemen.
3. Kontuz zerbitzu gehigarriekin
Eskaintza askok zure faktura handitu dezaketen eta behar ez dituzun hainbat mantentze-zerbitzu eta aseguru izaten dituzte. Egiaztatu badauden eta ezaba ditzakezun.
4. Iraupen-konpromisorik badagoen begiratu
Konpainia batzuek iraupen-konpromisoak (permanencia) ezartzen dituzte, eta, aldatuz gero, penalizazioak izaten dira. Begiratu interesatzen zaizun eskaintzak iraupen-konpromisoa duen ala ez.
5. Kontratua irakurri sinatu aurretik
Eskaintza bat sinatu eta onartu aurretik, berrikusi kontratua eta ziurtatu prezioak eta baldintzak bat datozela aukeratu duzunarekin.
6. Eskatu sinatutako kontratua
Hornidura kontratatu ondoren, konpainiak kontratua bidali behar dizu. Jasotzen ez baduzu, eska iezaiozu, etorkizunean behar izan baitezakezu.
7. Atzera egiteko eskubidea
Kontratazioaz damutzen bazara edo aukera hoberik aurkitzen baduzu, gogoratu 14 egun dituzula kontratua penalizaziorik gabe bertan behera uzteko, baita iraupen-konpromisoa badago ere.
Aholku hauek jarraituz, ezustekoak saihestuko dituzu fakturan eta segurtasun handiagoz kontratatuko duzu. Goierriko Energia Bulegotik zure kontratua berrikusten eta sor daitezkeen zalantzak argitzen laguntzen dugu.