Skip to main content

Goierrik energia-trantsizioaren aldeko apustua indartuko du Foru Aldundiaren laguntzarekin

Goierrik energia-trantsizioaren aldeko apustua indartuko du Foru Aldundiaren laguntzarekin

Goiekik 120.000 euro jasoko ditu 2026 eta 2027 urteetan energia eta klima diagnosia amaitu eta plangintza sendotzeko, energia komunitateak sustatzeko, energia bulegoa herritarrengana iristeko eta enpresetan mugikortasun jasangarria bultzatzeko.

Datozen bi urteetan, Goiekik energia-trantsizioaren inguruko hainbat proiektu sustatuko ditu Goierrin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker. Horretarako, eskualdeak 120.000 euro jasoko ditu energia eta klima plana garatzeko, energia-komunitateen sustapena eta mugikortasun jasangarriaren arloko ekimenak garatzeko, besteak beste.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta lurraldeko hamar garapen-agentziek bi urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dute energia-trantsizioari lotutako ekintzak garatzen jarraitzeko. Akordio horren baitan, agentzia bakoitzak 120.000 euro jasoko ditu 2026 eta 2027 urteetan zehar, urteko 60.000 euroko ekarpenarekin.

Aurtengo berrikuntza nagusia hitzarmenaren iraupena da. Lehen aldiz bi urterako sinatu da, eta horrek egonkortasun handiagoa emango die eskualdeei energia arloko proiektu estrategikoak planifikatu eta garatzeko.

Goierriren kasuan, datozen bi urteetan hainbat lan-ildo landuko dira. Alde batetik, eskualdeko energia eta klima-diagnostikoa egingo da, gaur egungo egoera aztertu eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko. Bestetik, Energia Komunitateen Eskualdeko Mahaia sustatzen jarraituko da, herritarren, udalerrien eta eragileen arteko lankidetza bultzatuz energia-proiektu partekatuak garatzeko.

Horrez gain, enpresetan mugikortasun jasangarria sustatzeko ekintzak garatuko dira, joan-etorrien eragina murrizten lagunduko duten neurriak bultzatuz eta mugikortasun-eredu eraginkorragoak sustatuz.

Foru Aldundiaren arabera, hitzarmen hauen helburua da energia berriztagarrien hedapena, energia-eraginkortasuna eta pobrezia energetikoaren prebentzioa sustatzea, betiere tokiko errealitateetara egokitutako irtenbideak garatuz. Horretarako, garapen-agentziek udalerriei laguntza teknikoa eskaintzen jarraituko dute.

Akordio berri honi esker, Goierrik eskualde mailako energia-plangintza sendotzen jarraituko du, herritarrak, administrazioak eta enpresak energia-eredu jasangarriago baten alde lanean jarriz.

Data

24 Uztaila 2026

Kategoria

Ingurumena

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia