Skip to main content

Parte-hartze handia ELKAR EKIN LANEAN 2025/2026 programaren informazio-jardunaldian

Parte-hartze handia ELKAR EKIN LANEAN 2025/2026 programaren informazio-jardunaldian

Pasa den irailaren 9an, guztira 75 pertsona izan ziren Goiekiko instalazioetan egindako aurkezpenetan. Bertan, ELKAR EKIN LANEAN 2025/2026 programaren barruan martxan jarriko diren prestakuntza eta laneratze ibilbideak ezagutarazi ziren. Bertaratutakoek informazioa jasotzeko, zalantzak argitzeko eta izena emateko aukera izan zuten.

Aurkezpenaren ondoren, interesa zutenek hizkuntza eta matematika proba bat egin zuten, eta hitzordua eman zitzaien banakako elkarrizketetarako. Bertan, ikastaroetan parte hartzea baloratuko da. 
Baldintzak betetzen ez dituzten interesatuek programa edo tailer osagarrietan sartu ahal izango dira, etorkizunera begira prestatzeko. 
 
Jardunaldi aberasgarria izan zen, eta programak eskualdean enplegagarritasuna eta garapen profesionala bultzatzeko eskaintzen dituen aukerei buruzko funtsezko xehetasunak partekatu ziren. 
 
Hiru prestakuntza-ibilbide martxan

Goierri eskualdeko lan-inklusio sareak,  Goieki, Caritas Goierri, Sarea Fundazioa, Gurutze Gorria, Ede Fundazioa, Goierri Eskola, Prospektiker, Biok zerbitzuak eta udaletako gizarte langileak partaide direla errealitate sozioekonomikoa eta lan-merkatuaren premien arabera, 2025/2026erako hiru ibilbide formatibo berri diseinatu ditu. 


SukALDATU GOIERRI 
 
SUKALDATU datorren irailaren 23an hasiko den prestakuntza-ibilbide berria da, ostalaritza-sektoreko profesionalen gabeziari erantzuteko sortua. Goitur eta Goierri Eskolak bultzatuta, sukaldaritzan prestakuntza teoriko-praktikoa eskainiz laneratzea erraztea du helburu. 
 
Lehen astean, Goierriko gastronomia eta baliabideak ezagutuko dituzte ikasleek Goitur-ekin. Ondoren, sukaldaritzako prestakuntza jasoko dute urtarrilaren amaierara arte Goierri Eskolako instalazioetan. 
 
Gainera, elikagaien manipulatzailearen ziurtagiria eskuratuko dute eta 80 orduko praktikak egingo dituzte bertako establezimenduetan. 
 
ZAINDU GOIERRI

Gizarte langileek eskatuta, 2024an jarri zen martxan, lehen aldiz, eskualdean, mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko ziurtagiri profesionala (2. maila). Eskola-egutegira egokitutako hiru modulu ditu, eta osorik edo banaka egin daitezke. 
 
Ibilbidea 2024ko otsailean hasi zen, eta 2025eko maiatzean amaitu da. Guztira, 14 pertsonak lortu dute ziurtagiri profesionalaren diploma.  

Emaitza positiboen ondorioz, ibilbideari 2025eko irailaren 22an ekingo zaio berriro, Gurutze Gorriak emango duen "Etxeko laguntza eta familiaren elikadura" moduluarekin (100 ordu).  

Gainera, 55 orduko formakuntza soziosanitarioa jasoko dute, OREKAN Elikadura eta Osasun Heziketaren eskutik, non adinekoen elikadura, nutrizioa eta ongizatea jorratuko diren. Bestetik, EDE Fundazioak gidatutako 60 orduko saioetan, komunikazioa, talde-lana edo gatazken kudeaketa landuko dute. 


LoraTU GOIERRI:   
 
2026. urtearen hasieran, LORATU prestakuntza-ibilbidearen edizio berri bat hasiko da, Zizurkilgo Fraisoro Eskolak eskainiko duen lorategiak eta berdeguneak mantentzeari buruzko formakuntza hain zuzen ere. Prestakuntza teknikoaz gain, EDE Fundazioak 60 orduko prestakuntza eskainiko du trebetasun pertsonal eta profesionaletan. 
Amaieran, parte-hartzaileek gutxienez 80 orduko praktikak egingo dituzte eskualdeko udal brigadetan, eta sektorean esperientzia zuzena lortuko dute. 
 
 
Elkar Ekin Lanean: prestakuntzatik enplegura

Erakunde publikoen eta sozialen arteko lankidetzari esker, aukera berriak irekitzen dira langabeek edo egoera ahulean daudenek beren gaitasunak hobetu ditzaten eta lan-merkatuan sar daitezen eskaera handiko sektoreetan. 

Data

12 Iraila 2025

Kategoria

Laneratzea

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia