Elkar-EKIN Lanean programak prestakuntza-ibilbide berri bat gehitzen du industria-sektorean
Elkar – EKIN Lanean enplegu-programa, Goierriko gizarteratze eta lan inklusiorako estrategien barruan eskaintzen den prestakuntza-oinarriaren parte dena, aurten berriro indartuta iristen da. Programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioan eta konpromisoan oinarritzen da —Proiektu Estrategikoen Sailaren bidez, finantzazioaren %85a ematen duena—, eta baita Goierriko udalek ematen duten %15eko ekarpenarekin.
Goierrin gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko sortutako sarean hainbat erakundek hartzen dute parte: Goierriko Caritas, Gurutze Gorria, Sarea Fundazioa, Prospektiker, EDE Fundazioa, Goierri Eskola, Biok Zerbitzuak, eskualdeko gizarte laneko langileen ordezkariak eta Goiekik.
Elkar-EKIN Lanean programaren 2026ko edizioa, joan den otsailean hasi zen, berrikuntza nabarmenekin. Horien artean, eskualdeko funtsezko sektore bati lotutako prestakuntza-ibilbide berri bat abian jartzea nabarmentzen da: industria.
Aurtengo berrikuntza nagusia Biltegilan prestakuntza da, Goierriko industria-sarearen beharrei erantzuteko eta parte-hartzaileen laneratzeko aukerak zabaltzeko diseinatua. Ibilbide berri honek 1. mailako ziurtagiri profesionala eskuratzeko aukera emango du eta Sutargi eta Goierri Valleyrekin elkarlanean garatuko da.
Biltegilan prestakuntzaren aurkezpen ofiziala apirilaren 14an izango da, goizeko 10:00etan, Goiekin. Bertan, programaren edukiari eta parte-hartze prozesuari buruzko informazio zehatza emango da.
Ibilbidea maiatzean hasiko da eta urrira arte iraungo du. Aldi horretan, ikasleek hainbat fasetan antolatutako prestakuntza-edukiak garatuko dituzte, eta prestakuntza Sutargiren instalazioetan emango da, Alegin.
Lehenik eta behin, aurre prestakuntza egingo dute gaitasun berde eta digitaletan (360 ordu), jasangarritasun industriala, prebentzio-kultura, lean thinking eta gaitasun digitalak ardatz hartuta. Ondoren, biltegiko jarduera osagarriei buruzko prestakuntza teknikoa egingo dute (170 ordu), eta zeharkako gaitasunen 40 ordurekin osatuko da, EDE Fundazioak emanda.
Alderdi teorikoa amaitutakoan, ikasleek 40 orduko praktikak egingo dituzte eskualdeko industria-enpresetan, lan-ingurune erreal batean esperientzia zuzena eskuratuz eta sektorearen funtzionamenduari lehen eskuko perspektiba hartuz.
Ikastaroan sartzeko, bi baldintza nagusi daude: NIEa izatea eta gaztelania maila 1 izatea, ikasleek prestakuntzaren edukiez osorik baliatu ahal izateko.
Horrela, prestakuntza ez da ikasgelara mugatzen; aitzitik, Goierriko produkzio-sarearen errealitatearekin lotzen da, lan-aukera berriak irekiz eta parte-hartzaileentzako etorkizun profesional sendoa eraikitzen lagunduz.
Prestakuntzan eta aurkezpenean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, 943 16 18 31 telefonora deituta edo mezu bat bidalita.