Skip to main content

Zaindu Goierriko ikasleek parte hartu zuten Goazen Ordiziaren irteera berezian

Zaindu Goierriko ikasleek parte hartu zuten Goazen Ordiziaren irteera berezian

Elkar-Ekin Lanean programatik martxan dagoen Zaintza ibilbide-formatiboa egiten ari diren pertsonak, Goazen Ordiziako ekimen berezian parte hartu zuten. Jardunaldiaren helburua belaunaldien arteko harremanak sustatzea, herriko espazioak gertutik ezagutzea eta parte-hartzaileen artean giro atsegin eta inklusiboa indartzea izan zen.

Goazen Ordizia urte osoan zehar ostegunero egiten den ekimena da, eta bertan herriko hainbat eragilek hartzen dute parte. Jarduerak ariketa fisikoa eta sozializazioa uztartzen ditu, baina horrez gain, astean behin elkartzeko, harremanak sendotzeko eta komunitatea indartzeko espazio ere bihurtu da urteekin. 

Jardunaldian herriko hainbat eragile elkartu ziren: Oianguren, Goierri Eskola eta Jakintza ikastetxeetako ikasleak; Gurutze Gorriko eta Elkar-EKIN Lanean programako zaintza arloko ikasleak; Lagunkiro eta Zuhaizti elkarteetako boluntarioak; Garaguneko erabiltzaileak; San Jose egoitzako eta Eguneko zentroko pertsonak; eta herritar boluntarioak, besteak beste. Guztien parte-hartzeak ekimenaren izaera komunitarioa eta gertukoa indartu zuen.

Goierri Eskolak bere ateak ireki eta harrera beroa eskaini zien parte-hartzaile guztiei. Bisita modu mailakatuan antolatu zen, bertaratutako guztiei arreta egokia bermatzeko, uneoro parte-hartzaileen gaitasun fisiko ezberdinak errespetatuz; izan ere, normalean mugikortasunaren arabera taldeetan banatzen dira.

Areto nagusian, Goierri Eskolako “Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretarako teknikaria” erdi mailako zikloko ikasleek hitzaldi bat eskaini zuten eta, ondoren, agurra dantzatu zuten.

Horren ostean, bisiten txanda iritsi zen: talde batek ziklo honetako ikasgela-tailerra ezagutu zuen bitartean, besteak eskolako patioan zehar ibilaldi labur bat egin zuen. Jardunaldiari amaiera emateko, parte-hartzaile guztiek hamaiketako txiki batez gozatu zuten kafetegian, elkarrekin giro atseginean une eder bat partekatuz.

Zaindu Goierriko ikasleek  oso modu positiboan baloratu zuten esperientzia. Menpekotasun egoeran dauden pertsonei arreta etxean ikasketak egiten ari diren ikasleek nabarmendu zutenez, adinekoekin partekatzen dituzten uneek balio handia dute, bai maila pertsonalean bai formakuntza prozesuan. Haien bizipenak eta esperientziak gertutik ezagutzeak ikaskuntza praktikoa aberasten duela azaldu zuten, eta horregatik, bi astez behin ilusioz eta gogotsu parte hartzen dute Goazen Ordizia ekimenean.

Data

15 Maiatza 2026

Kategoria

Laneratzea

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia