Skip to main content

BILTEGILAN: prestakuntza eta lan-aukera berriak logistika eta biltegiratze sektorean

BILTEGILAN: prestakuntza eta lan-aukera berriak logistika eta biltegiratze sektorean

Elkar-EKIN Lanean programak gizarteratzea eta laneratzea sustatzea eta enplegua eskuratzeko aukerak hobetzea du helburu, bereziki egoera zaurgarrian dauden pertsonen artean. Horretarako, ibilbide pertsonalizatuak eskaintzen ditu, prestakuntza, orientazioa eta laguntza uztartuz, eta eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoen zein enpresen arteko lankidetza bultzatuz.

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta eskualdeko udalen babes ekonomikoa du: Foru Aldundiak programaren % 85 finantzatzen du, eta gainerako % 15a eskualdeko udalek jartzen dute.

Testuinguru horretan kokatzen da BILTEGILAN, logistika eta biltegiratze sektorean espezializatutako gizarteratze- eta laneratze-ibilbidea, azken txanpan dagoena. Ibilbideari hasiera eman zioten 17 pertsonetatik, 12k arrakastaz amaitu dute COML0110 – Biltegiko oinarrizko jarduerak profesionaltasun-ziurtagiriari dagokion prestakuntza. Guztira, 207 orduko prestakuntza tekniko teoriko-praktikoa jaso dute, zeharkako gaitasunen inguruko prestakuntzaz gain. Ibilbideak iraun duen bitartean, hiru pertsonak lana aurkitu dute eta lan-merkatuan txertatzeko prestakuntza utzi dute; beste bik, berriz, arrazoi pertsonalengatik utzi behar izan dute ibilbidea.

Ibilbidea abuztuaren 31n hasi zen, zeharkako gaitasunen inguruko lehen prestakuntza-fasearekin. EDE Fundazioak eman zuen prestakuntza hori, Goiekiko instalazioetan. Lehen etapa horretan, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko eta taldea osatzeko aukera izan zuten, eta hainbat gaitasun landu zituzten, hala nola talde-lana, komunikazioa eta enplegu-bilaketa.

Ondoren, zeharkako gaitasunen prestakuntza ziurtagiri profesionalari dagokion prestakuntza teknikoarekin uztartu zen, parte-hartzaileei prestakuntza osoa eta lan-ingurunearen beharretara egokitua eskaintzeko helburuarekin.

Prestakuntza teknikoa eta Goierriko enpresekiko lotura

Prestakuntza teknikoa Sutargin (Alegia) egin da, 08:00etatik 14:00etara, eta parte-hartzaileek biltegiko oinarrizko jardueretan aritzeko beharrezko ezagutzak eta gaitasunak eskuratu dituzte.

Azaroaren 9an amaitu zen prestakuntza-fase hori. Prestakuntza arrakastaz gainditu duten 12 pertsonek hurrengo urratsa emateko aukera izango dute orain: eskualdeko enpresetan 80 orduko lanekoak ez diren praktikak egitea. Praktikak datozen asteetan hastea aurreikusten da.

Praktikak hartuko dituzten enpresen artean daude, besteak beste, CAF, Pulydek Burgos, Zapatos Oskarbi eta Distribuidora Farmacéutica Guipuzcoana. Esperientzia horri esker, parte-hartzaileek enpresen eguneroko errealitatea ezagutuko dute, eskuratutako ezagutzak praktikan jarriko dituzte eta sektorearen funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.

Lan-merkaturako beste urrats bat

Enpresetako praktikekin, parte-hartzaileek prestakuntza teknikoa, zeharkako gaitasunen garapena eta lan-ingurunean esperientzia uztartzen dituen ibilbidea osatuko dute.

BILTEGILAN-en helburua parte-hartzaileen laneratze-aukerak hobetzea eta lan-merkatuan sartzea erraztea da, aldi berean eskualdeko enpresen langile-beharrei erantzuten lagunduz.

Goiekik eskerrak eman nahi dizkie EDE Fundazioari, Sutargiri eta enpresa laguntzaileei, horrelako ekimenak aurrera eramateko eta Goierrin prestakuntza- eta enplegu-aukerak sustatzeko egiten duten ekarpenagatik.

Data

19 Azaroa 2026

Kategoria

Laneratzea
Ezin izan dugu zure harpidetza baliozkotu.
Zure harpidetza egin da.

Harpidetu zaitez gure azken berriak jasotzeko.

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia