Skip to main content
Bidari logotipoa

ESKUALDAKETA

Bereziartua Tapizeria

“Aurreko jabeekin batera ikastea funtsezkoa izan da negozioari jarraipena emateko.Beraien laguntza eta animorik gabe erabakia eta lehen urratsak zailagoak izango ziren”

Crina Camelia Toma

Jarraikortasuna eta ikaskuntza: BEREZIARTUAren erreleboa Beasainen

Askotan, urte askotako ibilbidea duten negozioak arriskuan jartzen dira jabeak erretiroa hartzera doazenean. Hala ere, batzuetan jarraikortasuna posible izaten da, konfiantzaz, elkarlanaz eta ikasteko prest dagoen norbait agertzen denean.

Hori da Beasaingo BEREZIARTUA negozioaren kasua. Etxeko ehungintzan espezializatutako denda honek —tapizeria, toallak, izarak eta neurrira egindako kortinak eskaintzen dituena— etapa berri bat hasi du Crina Camelia Toma buru dela.

Aukera ezagun baten bidez iritsi zen

Camelia eta bere senarrak aukera honen berri aurreko jabearen anaiaren bidez izan zuten. Negozioaren jabeak jubilatzera zihoazen eta norbaitek jarraipena ematea nahi zuten.

Proposamena iritsi zenean, Cameliek interesgarria ikusi zuen aukera. Euskara ez jakiteak lan merkatuan zailtasunak sor zitzakeela pentsatzen zuen, eta horregatik negozio bati jarraipena ematea aukera egokia izan zitekeela iruditu zitzaion.

Gainera, martxan zegoen negozio bat izanik, bezero fidelizatuak mantentzeko aukera ikusten zuen, eta horrek hasierako prozesua errazten lagundu zezakeela uste zuen.

Bideragarritasuna aztertzea eta konfiantza

Erabakia hartu aurretik, aurreko jabeek negozioaren kontuak erakutsi zizkieten. Horri esker, proiektua bideragarria zela ikusi zuten.

Baina erabakian eragin handiena izan zuen faktoreetako bat aurreko jabeek transmititutako konfiantza izan zen. Hasieratik laguntzeko prest agertu ziren eta prozesua erraztu zuten, ordainketari dagokionez ere moldagarritasuna erakutsiz.

Ikaskuntza funtsezkoa izan den erreleboa

Eskualdatze prozesuan, Cameliak eta bere senarrak aurreko jabeekin batera lan egin zuten hainbat hilabetez, aurreko urteko maiatzetik azarora arte.

Denbora horretan, sektorea ezagutzen ez zuten arren, ogibidea bertatik bertara ikasteko aukera izan zuten. Aurreko jabeek erakusteko prestutasun handia izan zuten eta ikaskuntza prozesu hori funtsezkoa izan da negozioari jarraipena eman ahal izateko.

Cameliarentzat, elkarlan horrek paper erabakigarria izan du: esperientzia zuzenean partekatzea eta eguneroko lana ikustea izan dira negozioa kudeatzen ikasteko modurik onena.

Bezeroak mantentzea, arrakastaren gakoetako bat

Camelia eta bere senarraren ustez, negozioaren jarraikortasuna bermatzeko faktore garrantzitsuenetako bat negozioa ez ixtea eta aurreko bezeroak mantentzea izan da.

Gainera, BEREZIARTUA bezalako negozio espezializatuek badute bere berezitasuna: inguruan ez dago antzeko eskaintza handirik. Horregatik, bezero batek kalitatezko kortinak, izarak edo etxeko ehungintzako produktuak behar dituenean, bertara jotzen du.

Etorkizunera begira

Etorkizunari begira, Cameliak badaki erronka batzuk egongo direla. Bere ustez, gazteen erosketa ohiturak aldatzen ari dira, eta horrek eragina izan dezake etorkizunean.

Camelia erronka eta aukera hau gogoz eta ilusio handiz hartu du. Berarentzat esperientzia oso interesgarria izaten ari da, eta eguneroko lanean asko ikasten ari dela dio. Gainera, oso eskertuta dago negozioa hartzeko izan duen aukeragatik eta bezeroen aldetik jasotako harrera onagatik, eta horrek motibazio handia ematen dio aurrera jarraitzeko.

Negozioei jarraipena ematearen balioa

BEREZIARTUA bezalako kasuek erakusten dute negozio baten jarraipena posible dela konfiantza, laguntza eta ikasteko prest dagoen jendea dagoenean.

Aurreko jabeen esperientzia, negozioaren bezero oinarria eta ekiteko gogoa uztartzen direnean, urte askotako lanari jarraipena eman dakioke eta tokiko negozioek bizirik jarrai dezakete.

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia