Goierri BarNETik goierriko etorkizunerako elkarlan sareak lankidetza hitzarmena sinatu du
Mutiloan bildu dira eskualdeko eragile publiko, pribatu eta komunitario anitz, bost urteetan zehar lantzen egon diren gobernantza sarearen oinarriak zimendatzen dituen lankidetzarako hitzarmena sinatzeko. Orainetik etorkizuna elkarrekin begiratzeko, eta honi erantzuteko elkarlanean aritzeko konpromisoaren emaitza da hau —2020ko irailean hasi zen goierritarren kezken eta eskualdearen erronken definizioaren lanketa—, baina ez horregatik helmuga, gobernantza eredu berria bizi dugun eta etorriko diren konplexutasun eta erronkak artatzeko tresna bizia baita.
Honekin, beraien artean ezberdinak diren eta oro har indibidualki lan egiten dutenen arteko harreman eredu berri bat bilatzen da, eskualdeko erronka poliedrikoei erpin ezberdinetatik heltzen lagunduko duena. Goierri BarNETik gobernantza sareak energia, landa garapena eta zaintzaren erronkei erantzutea jarri du abiapuntutzat —energiaren ildoan badago bidea egina, egun, landa garapeneko misioa definitzen ari da eta zaintzaren erronkari aurten heltzea da aurreikuspena—. Etorkizunean bestelako erronka batzuk txertatu ahal izango dira eredu berri honetara.
Ekitaldian, hitzarmen honetara iristeko egindako ibilbideaz aritu dira ordezkari politiko eta lan ildo ezberdinen protagonista diren eragileak, prozesuaren bizipena partekatzeaz gain, gobernantza ereduak arlo bakoitzean proposa ditzakeen aukera berriez jardun dira.
Sinatzaileen zerrendan Goierri osatzen duten 18 udalak —Altzagako Udala, Aramako Udala, Ataungo Udala, Beasaingo Udala, Gabiriako Udala, Gaintzako Udala, Idiazabalgo Udala, Itsasondoko Udala, Lazkaoko Udala, Legorretako Udala, Mutiloako Udala, Olaberriako Udala, Ordiziako Udala, Ormaiztegiko Udala, Segurako Udala, Zaldibiako Udala, Zegamako Udala eta Zeraingo Udala—, Goieki, Goierri Fundazioa, Goimen, Goitur, Ampo, CAF, Goierri Valley, Lortek, Orkli, Biziola, Cáritas, Goiener, Goierriko Nekazal Kooperatiba, GITB, Goierriko Hitza eta Gipuzkoako Foru Aldundia aurki daitezke. Agente guzti hauek bat egin dute eskualdeko etorkizuneko erronkei lankidetzazko formula batean erantzuteko konpromisoaren hautuan.
Hitzarmenaren bitartez, egungo gizarte eta testuingurua baldintzatzen duen konplexutasuna artatzeko eredu berri bat definitzen da. Honetan zehazten den antolaketa ereduan, hiru geruza ezberdintzen dira: ekosistema —lehenetsitako erronkarekin harremana duten eragileek osatzen dutena—, erabakigune zabala —hitzarmena izenpetzen dutenak, erabakigune nagusia izanik—, eta erabakigune operatiboa—erabakigune zabalak hautatua, gaien lanketaz arduratzen da— eta prozesu osoaren koordinazio eta gidaritzarako bulego tekniko bat sortuko da.
Erabakiak hartzeko metodologia ere zehazten du, izadi ezberdinetako eragileen onespena eskatzen duena. Sarearen finantzazioari dagokionez, udalek erdia asumitu dute, laurden bat enpresa sektoreak eta beste laurdena bestelako finantzazio iturrietatik eratorriko da.
Gaur Mutiloan gertatutakoa Goierrirentzat etorkizun berri bat marrazten duen ingerada da. Harreman ereduak eraberritu nahi dira, konektatu, eta ziurgabetasun eta atomizazio testuinguru honetan gaurko eta biharrerako, zubi sendoak eta helmuga bateratuak eraiki.