Goiekik El Salvadorrekin duen lankidetzan aurrera jarraitzen du
Urte hauetan zehar, Goiekik Euskal Fondoarekin elkarlanean jardun du El Salvadorren hainbat lankidetza-proiektutan, betiere lurraldearen garapen sozioekonomikoa eta tokiko gaitasunen indartzea helburu. Lankidetza-esparru horretan, aurreko urteetan abiatutako ekimenei jarraipena emanez, Euskal Fondoak eta SUESKOLA Fundazioak ezagutza-truke berri bat bultzatu dute El Salvadorreko Suhiltzaileen Kidegoarekin.
Prestakuntza irailaren 14tik 18ra egin zen San Salvadorren, eta El Salvadorreko Suhiltzaileen Kidegoko talde operatiboetako arduradunei zuzenduta egon zen.
Jardunaldietan prestakuntza teorikoa, ariketa praktikoak eta esperientzien trukea uztartu ziren. Hainbat larrialdi-egoeratan esku hartzeko teknika eta metodologia desberdinak landu ziren, besteak beste, suteen kontrola, bilaketa eta erreskatea eta aireztapena. Horrez gain, esku-hartzeetan komunikazioarekin eta lidergoarekin lotutako alderdiak ere jorratu ziren.
Prestakuntza berri honek Euskal Fondoa, SUESKOLA eta El Salvadorreko Suhiltzaileen Kidegoak azken urteotan batera egiten ari diren lanari jarraipena ematen dio. 2023an abiatutako prozesuaren baitan, hainbat prestakuntza-ekintza garatu dira Euskadin zein El Salvadorren, ezagutza eta esperientziak partekatzeko eta suhiltzaileen kidegoaren gaitasun tekniko eta instituzionalak indartzen laguntzeko.
Horrenbestez, ekimen honek lankidetzaren eta ezagutza-trukearen aldeko apustua berresten du, eta Goiekik nazioarteko lankidetzaren esparruan sustatzen dituen balioekin bat egiten du.