Skip to main content

HURBILKETA: prestakuntza eta laguntza, lan-aukera berriak sortzeko

HURBILKETA: prestakuntza eta laguntza, lan-aukera berriak sortzeko

Goiekik HURBILKETA ibilbide soziolaboralaren edizio berri bat jarri du abian, EnpleGU programaren baitan. Europako Gizarte Funts Plus-ek (EGF+) kofinantzatutako eta Garapenek kudeatutako ekimen honen bidez, Goierriko pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatu nahi dira, prestakuntza eta banakako zein taldeko laguntza eskainiz.

Edizio honetan 10 lagunek hartzen dute parte. Ibilbideak prestakuntza, jarduera praktikoak eta orientazioa uztartzen ditu, parte-hartzaileen gaitasunak indartzeko eta lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzeko.

IKASTEN: oinarrizko gaitasunak lantzeko prestakuntza

HURBILKETA ibilbidearen barruan, parte-hartzaileak IKASTEN prestakuntza egiten ari dira. Sarea Fundazioak ematen duen 165 orduko prestakuntza da, eta hiru arlo lantzen ditu: gaztelania, matematika eta gaitasun digitalak. Helburua da parte-hartzaileek oinarrizko gaitasun horiek indartzea eta profesionaltasun-ziurtagirietara sartzeko gaitasun-probak prestatzeko aukera izatea.

Prestakuntza 24 orduko baratze-tailer aurreprofesionalekin osatzen da. Tailerrak Lazkaoko Caritasen baratzean egiten dira, erakunde horren lankidetzari esker. Lurra, laboreak eta landareak zaintzeko jarduera praktikoen bidez, parte-hartzaileek ikasitakoa praktikan jartzen dute, gaztelania lantzen dute eta hainbat gaitasun pertsonal eta sozial garatzen dituzte, hala nola talde-lana, komunikazioa eta erantzukizuna.

Orientazioa eta lanerako bidea

Prestakuntzaz gain, ibilbideak 20 orduko banakako orientazioa eta 30 orduko talde-orientazioa eskaintzen ditu. Saio horien bidez, parte-hartzaileen ibilbide pertsonal eta profesionala lantzen da, lan-aukerak identifikatzen dira eta eskualdeko baliabide eta erakundeetara hurbiltzeko aukera ematen zaie.

Ibilbidearen azken helburua da parte-hartzaileek prestakuntzarekin jarraitzeko eta lan-merkatuan sartzeko aukerak handitzea. Horretarako, besteak beste, 1. mailako Lorezaintzako Profesionaltasun Ziurtagirira sartzeko aukera aztertuko da, baita parte-hartzaileen interes eta profiletara egokitutako beste prestakuntza-ibilbide batzuk ere.

HURBILKETA ibilbidea 2026ko azaroaren 2tik 2027ko otsailaren 16ra bitartean garatuko da. Prestakuntza-saioak Goiekin egingo dira, Ordizian, eta baratze-tailerrak Lazkaoko Caritasen instalazioetan.

Goiekik, horrelako ekimenen bidez, eskualdeko pertsonen gaitasunak eta aukerak indartzeko lanean jarraitzen du, prestakuntza, orientazioa eta eskualdeko eragileen arteko lankidetza sustatuz.

                                                     

 

Data

20 Azaroa 2026

Kategoria

Laneratzea
Ezin izan dugu zure harpidetza baliozkotu.
Zure harpidetza egin da.

Harpidetu zaitez gure azken berriak jasotzeko.

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia