WhatsApp Image 2020 03 06 at 14.34.27

Gipuzkoako diputatu nagusiak Foru Aldundiaren legealdi honetarako bide-orria aurkeztu du gaur NBF eraikinean; ekonomiaren lehiakortasuna eta gizarte kohesioa sendotzeko helburua partekatu du eskualdeko ordezkariekin

 

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak, Imanol Lasak, lan jardunaldia egin dute gaur arratsaldean Goierriko erakunde, enpresa eta eragile sozialekin. Goierri Berrikuntza Gunean, Goiekiren New Business Factory eraikinean, egindako bilera honetan, Foru Aldundiaren legealdi honetarako bide-orria aurkeztu diete Olanok eta Lasak eskualdeko 40 bat ordezkariri eta, aldi berean, tokiko ekarpenak jaso dituzte.

Lurraldeko erakunde, enpresa eta ekonomia zein gizarte alorreko eragileekin legealdiko proiektu nagusiak partekatu eta kontrastatzeko bilerak egiten ari da azken asteotan Gipuzkoako Foru Aldundia. Horietako bigarrena izan da gaur Goiekirekin elkarlanean antolatutako topaketa. Bileran zehar, diputatu nagusiak Aldundiaren legealdiko helburu nagusiak eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoko proiektuak azaldu ditu, ekonomiaren lehiakortasuna sustatzea eta gizarte kohesioa bultzatzea helburu.

Jardunaldian izan dira eskualdeko enpresa nagusietako arduradunak, gizartegintzan diharduten elkarteetako hainbat ordezkari, nahiz bailarako herrietako ordezkariak. Beasaingo alkate eta Goiekiko egungo lehendakari Aitor Aldasorok ireki du jardunaldia, hain zuzen ere. Olano eta Lasak egindako aurkezpenaren ondoren, eskualdeko desafio nagusiak aztertu dituzte eta, aldi berean, lurralde osoa lehiakortasunaren eta gizarte kohesionaren alde egiten ari den lan horretan Goierrik egiten duen eta egin dezakeen ekarpena izan dute aztergai.

Diputatu nagusiak adierazi duenez, Foru Aldundiak legealdi honetan helburu “nagusi” bat jarri dio bere buruari: “gizarte desberdintasunei aurre egitea”, Gipuzkoa Europa mailan izan dadin “desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat”. “Horretarako ezinbestekoa dugu gizarte politikak sendotzea eta ekonomiaren lehiakortasuna sustatzea. Desafio horretarako ezinbestekoak ditugu, Goierri gisa, elkarlanean ehundutako eskualde sendoak, inplikatuak etorkizuneko desafioetan. Ahalegin konpartitu horrekin soilik lortuko baitugu gizarte desberdinkeriei modu arrakastatsuan aurre egitea”, aldarrikatu du.

Goiekitik azpimarratu da eskualdeko plangintza estrategikoak dituen zutabe nagusiak azken urte hauetan mantendu egin direla: Industria, turismoa, ekintzailetza eta gizarte kohesioa. Guzti hauek bat datoz Foru Aldundiaren helburu estrategikoekin eta eskertzen da Foru Aldundiak eskualdetara gerturatzeko egiten duen ahalegina.

Goierri Valley elkarteko kideak diren CAF eta IRIZAR-ko ordezkariek mugikortasunaren inguruan ditugun proiektuen berri eman dute eta MUBIL estrategiarekin gure estrategia propioa garatu eta lerrokatzeko beharra azpimarratu dute. Enpresa txikietara irixteko estrategia diseinatu eta garatu beharra dago eta horretarako elkarlana izan behar da bidea.

Gizarte kohesioari dagokionez, Goiekitik kezkatuta daude azken urteetan ematen ari den inmigrazio fenomenoaren gorakadarekin (Ordizia %17,6, Beasain %13). Badirudi Goierri egoera ekonomikoa ona dela, langabezi gutxi daukagu eta industri sektoreak kalitatezko lanpostuak sortzen jarraitzen du, bainan langabezian dauden pertsonak lan merkatutik geroz eta urrutigo daude. Langabetuen profila aztertzeko eta egoera honi aurre egiteko lantalde bat sortu dugu Goierrin: Goieki, Goierri Eskola, Caritas, Sarea Fundazioa eta Gurutze Gorria besteak beste.

Caritas Goierriko arduradunak aipatzen du geroz eta etorkin gehiago dituztela eta formakuntzara bideratzeko ahalegin bereziak egiten ari direla, hori bait da bidea lan merkatura bideratzeko. 15 emakume etorkinekin plangintza bat egin da ehungintza industrialean formakuntza jaso eta industria sektorean dauden hainbat enpresei bere zerbitzuak eskaintzeko. Lehen fase bat garatu da, oinarrizko formakuntza, eta orain bigarren fasea garatzeko zailtasunak aurkitzen dituzte. Aldundiari laguntza eskatzen zaio hau bezalako proiektuak bideratzeko.

GOIMEN elkarteko arduradunak ere hitza hartzen du lehen sektorearen egoera konplexua azaldu eta gure kultura mantentzeko baserriak behar beharrezkoak direla azpimarratuaz.

GOIENER energia sorkuntza eta kontsumo kooperatibak klima aldaketaren inguruko kezka adierazi du eta Naturklima ekimenak egungo egoerari aurre egingo dion itxaropena agertu du.

WhatsApp Image 2020 03 06 at 14.34.26

WhatsApp Image 2020 03 06 at 14.34.26 1