Skip to main content

Goierri eskualdeko ekintzailetza, gobernantza eta turismo garapen ereduak El Salvador-en

Goierri eskualdeko ekintzailetza, gobernantza eta turismo garapen ereduak El Salvador-en

Euskal Fondoa entitatearen laguntzarekin, bi proiektu garatzen ari dira El Salvadorren. Alde batetik, Sonsonate departamentuan, Izalco barrutian, emakumeen ekintzailetza sustatuko duen plan turistiko bat prestatzen ari dira eta bestetik, Cuscatlán Norte udalerriko Suchitotoko gazteen ekintzailetzarako prestakuntza-proiektu bat. 

Proiektu hauetan lagundu eta ekarpenak egiteko asmoz, Euskal Fondoak ahalbidetzen duen lankidetzaren bitartez, Goieki eta Goiturrek urrian antolatutako foro batzuetan parte hartu dute. Foro hauetan, Goiekik  eskualdeko ekintzailetza, garapen eta gobernantza ereduaz hitz egin zuen eta Goiturrek turismoaren arloari lotutako esperientziak partekatu zituen.

Los Izalcos Garapen turistikorako planaren helburuetako bat emakumeei eta gazte ekintzaileei aukerak ematea da. Hori dela eta, Sonsonateko Unibertsitateak (USO) parte hartu du plan honen lanketan.

Euskal Fondoaren informazioaren arabera, 1,767 pertsona inguru izango lirateke proiektu honen onuradunak, %62 emakumeak eta %38 gizonak. Gainera, Garapen Ekonomiko eta Mikro erregionaleko Unitatea indartzen lan egingo da; gune horretan ibilbide turistikoak identifikatzen, sortzen eta aktibatzen.

Cuscatlán Norte udalerriko Suchitotoko gazteen ekintzailetzarako prestakuntza-proiektuari dagokionez, 2020aren hasieran, “Suchitotoko gazteentzako garapen integrala” izeneko lehen proiektu bat formulatu zen, eta GOIEKIk babestu ahal izan zuen, lurraldea osatzen duten eragile sozioekonomikoen arteko lankidetzan oinarritutako tokiko garapen-eredua aurkeztuz. Gure biztanleen bizi-kalitatea hobetzea helburu duen eredua, ahaleginak kalitatezko enplegua sortzera eta ekintzailetza sustatzera bideratuz.

2021eko azaroan egin genuen lehen bisitaren ondoren, alkatetzako ordezkariekin, Tokiko Garapenaren aldeko Kolektibo Feministarekin, udalerriko enpresa pribatuekin, ekintzaileekin… bildu ahal izan ginen, eta proiektu berrian garatu beharreko ekintza batzuk proposatu genituen lurralde honen erronkei aurre egiteko.

Lehen proiektu horrek proiektuaren bigarren ekimen bat ekarri zuen: “Suchitotoko gazteen ekintzailetzarako prestakuntza”. Proiektuaren helburua prestakuntza teknikorako, enplegagarritasunerako eta ekintzailetzarako baldintzak sortzea zen, Prestakuntza Teknikoko Udal Eskola eta enpresa-inkubagailua sortuz.

Azken urteetan egin diren ekintzak emaitzak ematen ari dira eta urrian egindako bisita honetan, proiektuaren 2. fasearen aurrerapenak ezagutzeko aukera izan dugu Suchitotoko Tailer Eskolako instalazioak bisitatuz.

Bisita horretan bildutako informazio guztiarekin eta lankidetza hori babesten jarraitzeko, zenbait ideia formulatu dira 2025. urterako prestatuko den proiektuari begira.

Data

04 Azaroa 2024

Kategoria

Gaurkotasuna

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia