Skip to main content

Uztaolak produktu eraldatuen lerro berria aurkeztu zuen Ordiziako Azokan

Uztaolak produktu eraldatuen lerro berria aurkeztu zuen Ordiziako Azokan

Goierriko lehen sektoreko ekoizleen arteko elkarlanetik sortutako Uztaola Elkarteak produktu eraldatuen sorta berria aurkeztu zuen urriaren 7an Ordiziako Azokan. Ekimenaren helburua tokiko lehengaiei balio erantsia ematea, ekoizleentzako merkaturatze aukera berriak sortzea eta Zaldibiako Goizane eraldaketa-gunearen jarduera urte osora zabaltzea da.

Aurkezpena Goierriko Hamabostaldi Ekologikoaren egitarauaren baitan egin zen, eta bertan Uztaolaren ibilbidea, Goizane eraldaketa-zentroan azken hilabeteetan egindako lana eta garatutako produktu berriak ezagutzera eman ziren.

Uztaola Goierriko lehen sektoreko ekoizleek sustatutako egitura kolektiboa da, tokiko produktuen eraldaketa eta merkaturatzea bultzatzeko sortua. Proiektuaren ardatza Zaldibian kokatutako Goizane eraldaketa-zentroa da. Orain arte sagarraren eraldaketak izan du protagonismo nagusia bertan, baina jarduera urteko hilabete gutxi batzuetara mugatzen zen. Horri irtenbidea emateko, produktu eta eraldaketa-lerro berriak garatzeko prozesua jarri zen martxan.

Lan horren emaitza dira aurkeztutako produktu berriak: sagar konpota, sagar gozoa, fruitu gorrien marmelada, kalabaza eta sagar chutneya, tomate saltsa, pistoa eta kalabaza purea, besteak beste. Produktu horiek ekoizleen lehengaiei irteera berriak emateko aukera eskaintzen dute, bereziki soberakinak edo merkaturatzeko zailtasun handiagoak dituzten ekoizpen-bolumenak aprobetxatuz.

Barnetik Elikatzen ekimenaren baitan

Produktu berrien garapena Barnetik Elikatzen lankidetza-ekimenaren barruan gauzatu da. Egitasmoaren helburua Goierriko lehen sektorea indartzea eta tokiko elikadura-sistema sendotzea da, ekoizpena, eraldaketa eta merkaturatzea eskualde ikuspegitik uztartuz.

Proiektua Goieki, Uggasa, Goimen eta Biziolaren arteko lankidetzaren bidez garatu da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elikadura Misioaren finantzaketarekin eta Goierri BarNETik lankidetza sarearen Landa Garapen erronkako misioari erantzuten dio. Horrez gain, Elkolab, Leartiker eta Biziola kooperatibak Uztaolarekin elkarlanean aritu dira urte hasieratik Goizane eraldaketa-gunean produktu berrien garapenean.

Ekimenaren helburua ez da soilik produktu berriak merkaturatzea. Proiektuak Goierriko lehen sektoreari eraldaketarako azpiegitura eta tresna kolektiboak eskaintzea du xede, eskualdean sortzen diren lehengaien balioa bertan mantendu eta ekoizleen jarduera ekonomikoa indartzeko.

Dastaketa eta aurkezpena Ordiziako Azokan

Aurkezpenean parte hartu zutenek Uztaolaren jarduera eta Goizane eraldaketa-gunearen aukerak ezagutzeko aukera izan zuten, baita produktu berriak dastatzekoa ere. Ekitaldiak agerian utzi zuen tokiko lehengaien eraldaketak eta sektoreko eragileen arteko lankidetzak duten garrantzia, Goierriko lehen sektorearen etorkizunerako tresna estrategiko gisa.

#GoierriBarNETik #LandaGarapena #BarNETikElikatzen

Data

08 Urria 2026

Kategoria

Gaurkotasuna

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia