Skip to main content

Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak 29. edizioa ospatu du

Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak 29. edizioa ospatu du

Goiekik Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketaren XXIX. edizioko sariak banatu zituen atzo Ordizian. ITEGAN, Fundiciones del Estanda eta Brenda Aquino Nails izan dira aurtengo irabazleak, berrikuntza, ekintzailetza eta gizarte-inklusioa sustatzen dituzten proiektuengatik.

Atzo, azaroaren 18an, Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketaren XXIX. edizioko sari banaketa ekitaldia egin zen Goiekik Ordizian duen auditorioan. Urtez urte eskualdeko ekintzailetza eta enpresa-proiektu berrien sorrera sustatzea helburu duen lehiaketak 29 urteko ibilbidea bete du aurten.

Ekitaldian udal ordezkariak, enpresa babesleak, saridunak eta eskualdeko hainbat eragile bildu ziren. Hasierako hitzaldia Adur Ezenarro Goiekiko presidenteak eskaini zuen, eta jarraian, Maialen Sanchez Ekintzailetza arloko arduradunak eman zion hitza Orkli kooperatibako lehendakari den Axier Lekuonari. Honek "Orkli, txapeldunaren erronka" izeneko hitzaldia eskaini zuen.

Hiru kategoriatan banatutako sariak

Aurten ere, ekintzaileek eta enpresek euren proiektuak hiru kategoriatan aurkeztu ahal izan dituzte: Enpresa Ekimen Berriko Proiektu Onena, Enpresan Buruturiko Proiektu Berritzaile Onena eta Ekintzailetzaren Bitartez Gizarte Inklusio Proiektu Onena.

Guztira 11 proiektu aurkeztu dira lehiaketara. Epaimahaiak hautagaitzak aztertu ondoren, berrikuntza-maila, bideragarritasuna eta eskualdean izan dezaketen inpaktua baloratu ditu irabazleak aukeratzeko.

ITEGAN, Enpresa Ekimen Berriko Proiektu Onena

Kategoria nagusiko saria, 6.000 eurokoa, ITEGAN enpresarentzat izan zen. Aitor Garmendiak sustatutako Lazkaoko ekimenak industria-enpresen eguneroko jarduna erraztea du helburu, adimen artifizialean oinarritutako soluzioen bidez.

Proiektuak eskaeren kudeaketa eta baliozkotzea bezalako prozesuak automatizatzen ditu, erroreak murriztuz eta eraginkortasuna handituz. Horrez gain, enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako garapen teknologikoak eskaintzen ditu, berrikuntza eta aplikazio praktikoa uztartuz. Epaimahaiak bereziki baloratu du enplegua sortzeko eta eskualdean hazteko duen potentziala.

Enpresan Buruturiko Proiektu Berritzaile Onenaren saria, 2.000 eurokoa, Fundiciones del Estanda, S.A. enpresak jaso zuen.

Enpresak altzairuzko galdaketako piezen bizarrak kentzeko prozesua automatizatzeko sistema garatu du. Orain arte langileek egiten zuten zeregina zelula robotizatu baten bidez automatizatu da, lan-karga fisikoa eta segurtasun-arriskuak nabarmen murriztuz.

Ekimen honek lan-baldintzak hobetzeaz gain, prozesuaren segurtasuna eta eraginkortasuna ere handitu ditu.

Brenda Aquino Nails, gizarte-inklusioaren aldeko ekintzailetza eredua

Ekintzailetzaren Bitartez Gizarte Inklusio Proiektu Onenaren saria, 2.000 eurokoa, Brenda Aquino Nails ekimenarentzat izan zen.

Ataungo emakume ekintzaile batek sustatutako proiektua Lazkaon kokatutako edertasun eta ongizate zentroa da. Estetikaren eta norberaren zaintzaren sektorean eskarmentua pilatu ondoren, bere jarduera profesionalizatzeko pausoa eman du, bezeroei arreta hurbil, espezializatu eta pertsonalizatua eskainiz.

Sari honen bidez, ekintzailetzaren bidez gizarte-kohesioa indartzen duten eta lan munduan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat aukera berriak sortzen dituzten proiektuak aitortu nahi dira.

Ekintzailetzaren aldeko apustua

Eskualdeko enpresa eta erakundeen inplikazioari esker egin da posible aurten ere lehiaketa. Babesleen artean daude Irizar, Ampo, Goilan Fundazioa, Goierri Beheko Industrialdea, Tacticco, Orkli, Arcelor Mittal, Hine, Nippon Sanso, Gitb, Hitza, Aluminox, Arri, Ederfil Becker, Ezarri, Suministros Industriales Gamesa, Goilaser, GH, Jaso Industrial Cranes, Biok eta EUN.

Ia hiru hamarkadako ibilbidearen ondoren, Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak erreferente izaten jarraitzen du eskualdeko ekintzailetza, berrikuntza eta enpresa-sarearen garapena sustatzeko tresna gisa.

Data

19 Azaroa 2026

Kategoria

Gaurkotasuna
Ezin izan dugu zure harpidetza baliozkotu.
Zure harpidetza egin da.

Harpidetu zaitez gure azken berriak jasotzeko.

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia