Skip to main content

Laneratzeko eta gizarteratzeko bideak sortzen Goierrin

Laneratzeko eta gizarteratzeko bideak sortzen Goierrin

‘Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza’ proiektua jarri du martxan Goieki Goierriko Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker eta eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean. Helburua da egoera ahuletan dauden pertsonen enplegagarritasuna eta kualifikazioa hobetzea, eta gizarteratzen laguntzea.

Goieki Goierriko Garapen Agentziak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker abian jarri duen Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza proiektuaren bidez, Goierriko (Gipuzkoa) gizarte- eta eskualde-kohesioa hobetu nahi da, pertsona guztien enplegagarritasuna hobetuz, salbuespenik gabe.

Egoera ahuletan edo behartsuetan dauden pertsonen kualifikazioa hobetzea bultzatu nahi da, identifikatutako kolektibo horien —batez ere gazte eta atzerritarren— arraila eta gizarte-bazterketa ekidinez. Goiekiren ikuspegitik, pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako irtenbideak
eta alternatibak eskaini behar dira, gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden kolektibo horiek gizarteratu eta laneratzeko.

LANGILE FALTA

Aipatu beharreko kontu bat da hurrengo urteetan belaunaldi erreleboaren beharrei aurre egiteko behar adina pertsona ez izatea. Goierrin ez dira merkatuko irteerak 20 eta 29 urte bitarteko biztanleria-harrerarekin estaltzen. Azken batean, lan-jarduera bat egin dezaketen pertsona guztien beharra izango du eskualdeak, jarduera ekonomikoari eutsi ahal izateko, eta, ildo horretatik, pertsona guztiak integratzea, nahiz eta bazterketa egoeran edo arriskuan egon, gizarte-justizia kontua ez ezik, ekonomia-sarea mantentzeko beharra ere bada.

Izan ere, Goierrin punta-puntako enpresa sarea dago, mundu mailan aitzindari diren enpresa ugari daude, baina, oro har, ezin dituzte lanpostuak lortu gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden kolektiboek. Gizarte-kohesiorako arrisku larria identifikatzen da. Hori dela eta, beharrezkoa da egoera horretan dauden pertsonekin lan egitea, eta, horretarako, haien gaitasun oinarrizkoak eta teknikoak hobetu behar dira, lan-merkatura ahalik eta hobekien iristeko edo hurbiltzeko. Jakina, pertsona horiei oso zaila izango zaie enpresen goi-mailako lanpostuetara iristea, baina bai kualifikazio-maila handirik eskatuko ez duten lanpostuetara, hala nola lorezaintzarekin, ehungintzarekin edo instalazio elektrikoekin zerikusia dutenetara.

PRESTAKUNTZA ZABALA

Horrela, Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide integratuak, pertsonari egokituak: enpleguari buruzko prestakuntza proiektuaren bidez, oinarrizko prestakuntza-ekintza zabala planteatzen da hasieran, pertsona horiei 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko aukerak emanez.

Ondoren, prestakuntza-ekintza teknikoak planifikatuko dira. Lehenik, lorezaintzaren esparruan; izan ere, 2023ko udaberriko ikasturtearen amaieran, udalek eta enpresek langile-beharrak izango dituzte, eta, ondoren, elektrizitatearen eta ehungintzaren arloetako prestakuntza teknikoa emango da. Horrekin batera, enpresa edo erakunde publikoetan praktikak egingo dira. Gainera, zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza ere emango da, pertsonen komunikazio, lidergo eta talde-lan gaitasunak hobetzeko. Adibidez, emakume langabeei zuzendutako Emaktiva programa.

 METODOLOGIA

Eskualdeko ingurune ekonomikoa osatzen duten eragile publiko eta pribatuen lankidetza eta parte hartzea sustatuko duen metodologia baten bidez garatuko da proiektua. Erabakiak modu kolektiboan hartuko dira, eta eragile guztiek parte hartzeko aukera izango dute:

PROIEKTUAREN FASEAK

Proiektuak bost fase hauek izango ditu:

Proiektua abiaraztea eta pilotaje-taldea sortzea: Alde batetik, proiektuaren beharrak aztertu eta proiektua eratu behar da, eta, bestetik, proiektuan interesa duten eragileen parte hartzea eta inplikazioa sustatuko duen proiektuaren pilotaje-taldea osatu. Hasiera batean, Goiekik hartuko du parte lider gisa, Caritas erakundea, Sarea Fundazioa eta Goierri Eskolarekin elkarlanean. Prospektiker aholkularitza enpresak, berriz, idazkaritza teknikoa eramango du. Horrez gain, Instagi elkarteak eta EDE Fundazioak ere parte hartuko dute.

Funtsezko edo oinarrizko gaitasunetan prestatzea:

Ezinbestekotzat jotzen da ibilbide honetan 240 orduko prestakuntza prozesu sendo batetik abiatzea. Prozesu horretan, gaztelaniazko komunikazioa eta matematika gaitasunak landuko dira. Gogoan izan behar da pertsona horiek arazo handiak dituztela komunikatzeko, eta horrek integrazioa zailtzen duela. Horregatik, prestakuntza hori ezinbestekoa da. Goierri Eskolak emango du, bere instalazioetan. Prestakuntza horrek aukera ematen du etorkizunean pertsona horiek 1. Mailako eta 2. mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko.

Lorezaintzari buruzko prestakuntza:

90 orduko prestakuntza eta praktikaldia. Fraisoro Lanbide Eskolak egingo du prestakuntza teknikoa, hau da, lorategien eta berdeguneen instalazioa, hobekuntza eta mantentze-lana, eta udalek eta mota horretako lan enpresek udaberriko denboraldian zeregin horietan adituak diren langileen beharrari erantzuten dio.

Orientazioa eta laguntza ehungintza edo larrugintzako gaitasun teknikoetan eta Instalazio elektriko eta telekomunikazioetan:

Hurrenez hurren, 390 eta 380 ordukoa da prestakuntza teknikoa, arlo bakoitzean, eta praktikaldia ere egongo da. Gaitasun hobea dutenek eraikinetako instalazio elektroteknikoak eta telekomunikaziokoak muntatzeko eragiketa osagarrietan prestakuntza teknikoa jasotzeko aukera izango dute. Usurbilgo LHII / Zubigune fundazioak 1. Mailako profesionaltasun-ziurtagiria emango du.

Gainerakoei aukera emango zaie ehun eta larruzko arropa eta artikuluen konponketa eta moldaketei buruzko prestakuntza teknikoa egiteko. Sarea fundazioak emango die 1. Mailako ziurtagiri profesionala. Halaber, pertsona horietako batzuek negozio propioa irekitzeko bideragarritasun planak garatuko dituzte Goiekiko Inkubategian.

Gizarteratze-enpresa sortzeko azterketa eta balorazioa:

Goiekik prospekzio-lanak egingo ditu enpresen artean, eta Instagi Gipuzkoako instalatzaile argiketarien elkartearen instalazio elektrikoen esparruan lagunduko du. Praktika-fase horietan, pertsonek lanpostuan duten jarraipena eta tutoretza egingo dute erakundeek, eta baita Caritasek ere. Gainera, gizarteratzeko enpresa bat sortzeko aukera ere aztertuko da. Hasieran, gizarteratze-enpresa hori Goiekik sustatuko luke, hirugarren sektoreko enpresekin elkarlanean, eta aukera praktiko gisa balioko luke proiektuan aritzen diren eta enpresa arruntetara zuzenean sartzen ez diren pertsonentzat. Horietako batzuek ere, negozio planak garatu ondoren, beren kabuz jarduera berri bat abian jartzea erabaki dezakete.

Eduki hau, 2022ko urriaren 14an, Berria egunkariko Gizarte Solidarioa gehigarrian ere argitaratuko da.

Data

14 Urria 2022

Kategoria

Gizarte arloa

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia