Re-think Industry kongresua antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak industria lehiakorraren erronkez hausnartu eta hauei elkarlanean aurre egiteko Re-think Industry kongresua antolatu du. Bertan Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzat palanka diren lau gai izan dira hizpide: trantsizio digitala eta zibersegurtasuna, enpresa hazkundea, belaunaldi erreleboa eta trantsizio energetikoa.
Eider Mendozak, Aldun Nagusiak, egindako ongietorrian, lurraldean industriak eta hauen inguruko zerbitzuek jardueren %40 ordezkatzen dutela adierazi du eta txikitasunetik, industriaren erronkei Gipuzkoak bere ekarpena egin nahi diola baieztatu du, beti ere, elkarlana ardatz hartuta.
Jarraian, Andrés Rodríguez-Posek, London Business School-eko akademikoak, Gipuzkoaren egoeraren inguruko hausnarketa egin du. Lurraldeak gaur egun dituen indarguneak – garapen maila altua, enpresen lehiakortasuna eta bizi kalitate altua – azpimarratu ondoren, mehatxuetan egin du azpimarra – gizartea zaharkitua, talentua erakartzeko zailtasunak, ekonomiaren dinamismo baxua, etb. –. Amaitzeko hauei aurre egiteko bideaz hitz egin du, besteak beste, enpresen berrikuntza eta I+G bultzatzearen garrantziaz.
Ondoren, lau mahainguru antolatu dira gaur egun enpresen garapen eta lehiakortasunerako gako diren esparruetan. Batetik, trantsizio digitala eta zibersegurtasunaren eta enpresa hazkundearen mahainguruak egin dira. Bestetik, belaunaldi erreleboaren eta trantsizio energetikoaren mahainguruak antolatu dira. Guztietan Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen esperientziak izan dira hizpide. Zehazki, bi enpresa goierritar izan dira: EZARRI belaunaldi erreleboaz aritu da; eta trantsizio energetikoaren mahainguruan Fundiciones del ESTANDAk bere esperientzia partekatu du.
Eguna borobiltzeko, Columbus Venture Partners fundazioko Javier García Cogorrok Gipuzkoan kokatutako Viralgen enpresaren ibilbidea – teknologia egokiaren hautaketa, erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana, irismen globala eta kalitate eta pazienteekiko benetako konpromisoa – eta lurraldeari egindako ekarpenaz – I+Gn oinarritutako teknologia, talentua erakartzea – hitz egin du.
Itxieran, Ane Insaustik, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Diputatuak, eguneko gakoak aipatu nahi izan ditu: lanean jarraitzeko beharra, gipuzkoar enpresen pasioaren garrantzia eta bideaz disfrutatzen jarraitzea, besteak beste. Ezjakintasun esparru honetan baikorra dela adierazi du eta umiltasunez baina anbizioz aurre egin behar zaiola etorkizunari.
Beste hainbat eragilerekin batera, Goiekik Gipuzkoako Foru Aldundiari bere ekarpena egin dio, difusioan eta irismenean lagunduz.