Argindarraren eta gasaren merkatu arautua, zer da?

Gaur egun kontrata ditzakegun argindar eta gas tarifa ugari daude. Hauen guztien arteko bereizketa garrantzitsuena, merkatu arautuaren eta merkatu librearen artekoa da. Bien arteko desberdintasuna, besteak beste, ordaintzen dugun prezioan dago.
Merkatu arautuaren tarifa Gobernuak diseinatu eta arautzen du. Merkatu librean, berriz, prezioak eta baldintzak merkaturatzaile berak jartzen dituzte, beraien artean oso ezberdinak eginez.
Argindarraren merkatu arautuan tarifa bakarra dago, eta honi KTBP tarifa (Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa, gaztelaniaz PVPC) deitzen zaio. Tarifa honetan, prezioa aldatu egiten da eguneko ordu batetik bestera, energia-eskaintzaren eta -eskariaren arabera. Horregatik, 24 prezio ezartzen dira egunero. Hiru denbora tarte bereizten dira eguneko orduaren arabera: punta (garestiena), laua (tartekoa) eta harana (merkeena).
Gas naturalaren tarifa arautuari, berriz, ABT (Azken Baliabideko Tarifa, gaztelaniaz TUR) deitzen zaio. Kasu honetan, prezioak ez dira denbora tarteetan bereizten eta hiru hilean behin berrikusten dira.
Tarifa arautua erreferentziazko merkaturatzaileek bakarrik eskaini dezakete (ikusi irudia). Argindarraren kasuan 6 ezberdin daude, eta gasaren kasuan 4 (azken biak kenduta): Curenergía (Iberdrola Taldea), Baser (Total Energies Taldea), Energía XXI (Endesa Taldea), Comercializadora Regulada, Gas & Power (Naturgy Taldea), Regsiti (Repsol Taldea) eta Comercializador de Referencia Energético (CHC Taldea).
Aurreko irudian ikusi daitekeen bezala, fakturan agertzen zaigun logoa begiratuz batean edo bestean gauden jakin dezakegu. Irudian agertzen ez den logo bat badugu, merkatu librean gaudela esan nahi du.
Merkatu librean prezioak eta baldintzak urte batetik bestera alda daitezke. Beraz, fakturak urtean behin berrikustea gomendatzen da.
Bat edo beste izatea komeni zaigun jakiteko, gure fakturak aztertu beharko ditugu.
Goierritarra bazara, informazio gehiago jasotzeko Goierriko Energia Bulegora etor zaitezke, energiaren inguruko zalantzak argitzen laguntzeko gunera.
Hitzordua eskatzeko: