Goierriko Energia Bulegoa: urtebete baino gehiago goierritarrei laguntzen

Urtebete baino gehiago igaro da Goierriko Energia Bulegoaren zerbitzua martxan jarri zenetik, eta denbora honetan zehar, goierritar askok jo dute bertara energiari buruzko kezkak argitzen laguntzeko.
Eskualdean energia gaiei buruzko ezjakintasuna dagoela ikusi da. Energia Bulegotik honi aurre egiten saiatzen gara, herritarrak formatuz, sentsibilizatuz eta ahaldunduz.
Zerbitzuak oso harrera ona izan du. 2024. urtean 264 kontsulta jaso dira, eta hauei erantzuteko 391 hitzordu jarri dira. Hitzordu gehienak aurrez aurrekoak izan dira, herritarrei ahalik eta arreta pertsonalizatuena eskainiz.
Jasotako kontsulten gehiengoa argindar eta gas fakturen ingurukoa izan da. Horrez gain, bonu sozialari buruzko galderak ere ugariak izan dira. Ikusi da artatu diren pertsonen % 28ak pobrezia energetikoa pairatzen dutela, hau da, egoera zaurgarrian daudela.
Zerbitzua gehien erabili dutenak emakumezkoak izan dira (% 60), eta adinari dagokionez, 35-64 urte bitartekoak izan dira. Aipatzekoa da 65 urtetik gorako pertsonen presentzia ere nabarmena izan dela.
Azkenik, erabiltzaileen % 26ak zerbitzua behin baino gehiagotan erabili dute. Beraz, goierritarrentzat zalantzak argitzen laguntzeko erreferentziazko leku bihurtzen ari da.