Martxan dira HAZILAN+ eta EnpleGU proiektuak Goierrin

Goierriko Garapen Agentziak, Goiekik, Garapenen koordinaziopean, bi proiektu hauek martxan jarri ditu eskualdeko pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko asmoz.
HAZILAN +
HAZILAN+ laneratzeko proiektu bat da, langabezian dauden pertsona kualifikatuei zuzendua (unibertsitateko titulazioa edo LHko erdi eta goi-mailako zikloa), adina kontuan hartu gabe. Prestakuntza izan arren, kolektibo horrek zailtasun bereziak ditu lan-merkatuan sartzeko, bai esperientzia ezagatik, batez ere berriki amaitutako ikasketak dituzten pertsonen kasuan, edota bai gaur egun enpresek eskatzen dituzten zeharkako gaitasun eta trebetasun ezagatik. Programak arreta berezia jartzen du, halaber, geldialdi baten ondoren lan-merkatura itzuli nahi duten emakumeengan, kasu gehienetan zainketa lanetan egon direlako.
Programaren helburu nagusia pertsona horien enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzea da, bakoitzaren premien eta ezaugarrien araberako laguntza pertsonalizatuaren bidez. Horretarako, bi ibilbide zehaztu dira: OSATU (taldekakoa) eta LORPEN (banakakoa):
- Osatu ibilbidea: Talde-saioak izango dira, lan-merkatuan eskatzen diren trebetasunak lortzeko. Hiru fase bereizten dira ibilbide honetan.
- Aktibatu: Gaitasun pertsonalak eta profesionalak landuko dira.
- Industriara Bideratuz: Goierriko Berrikuntza Guneko eta eskualdeko sektore industrialeko ezagutza eta enpresetara bisitak. Fase honekin ikasleak ekosistema hobeto ezagutuko du.
- Praktikak: Praktikak enpresan benetako esperientzia eskuratzeko helburuarekin egingo dira eta 2-9 hilabete arteko iraupena izango dute. Partehartzaileek praktikak beka bidez burutuko dituzte, gutxienez 480€-ko hileko ordainsaria jasoz.
Lorpen ibilbidea: Lan-merkatuan zuzenean sartzeko banakako ibilbidea. Lanpostua berehala lortzeko gaitasun nahikoa erakusteko gai diren pertsonei zuzenduta dago.
Enpresek gaur egun dituzten erronkei aurre egiteko helburua du programak. Perfil mota askotariko pertsonala falta da inguruan enpresek dituzten beharrei aurre egiteko. Eskulan zuzena, biltegi kudeatzaileak, diseinuan jardungo duten profesionalak, digitalizazio prozesua lideratuko duen pertsona, komertzialak… dira, besteak beste, proiektu honen bueltan hatzeman diren perfilak.
Hazilan + proiektuaren aurkezpena maiatzean izango da.
EnpleGU
EnpleGUk prestakuntza baxua duten eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntza pertsonalizatua eta integrala eskaintzen die. Pertsona horiek esparru publikoan eta lan-merkatuan sar daitezen sustatzea du helburu, prestakuntza-esperientzia motibatzailea, inspiratzailea eta orientatzailea eskainiz.
Proiektu honen elementu bereizleak ibilbideak identifikatzea eta indibidualizatzea dira, pertsona bakoitzaren enplegagarritasun-mailaren arabera, proiektuaren onura eta emaitza hoberenak lortzeko. Horretarako, bi ibilbide aurreikusten dira, HURBILKETA eta PRESTATU.
Hurbilketa ibilbidea: Laneratzeko eta gizarteratzeko lehen pausoak ematen hastea da helburu. Oinarrizko konpetentzien (gaztelera eta matematika) eta enplegu baterako lehen trebakuntzak eskainiko dira, gure kasuan lorezaintzara bideratzeko.
Prestatu ibilbidea: Lan merkatuan autoenplegua bidez txertatzen baloratzen den pertsonari, bere negozio ideiaren bideragarritasun plana lantzen joan, negozio kudeaketa eta ekintzaileen zeharkako konpetentzien inguruan gaitzen doan neurrian. Talde orientazio orduak ere egongo dira.
Prestatu ibilbidearen aurkezpena apirilak 11an egingo da Goiekin, 10etatik 11:30etara.
Bi ibilbide horiek honako hauek ahalbidetuko dituzte: pertsonen gizarteratzea eta partaidetza sustatzea, haien gaitasun profesionala eta gaitasun pertsonalak hobetzea, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen gaitasun-maila handitzea eta etorkinei migrazio-proiektua berreraikitzen eta herritartasun aktiboa gauzatzen laguntzea, besteak beste.
Sarean kudeatutako proiektu bat
Bi proiektu horiek 7.090.948 euroko aurrekontua dute, eta Euskadiko EGF+ 2021-2027 programaren baitan daude. Eskualdeko garapenerako 17 agentziak parte hartuko dute, eta 2.500 pertsona baino gehiagoren enplegagarritasuna hobetzea espero dute. HAZILAN+ eta EnpleGU Europako Gizarte Funtsak % 40an finantzatzen ditu.
Garapenek Euskal Autonomia Erkidegoko 3 lurralde historikoetan banatutako 34 garapen-agentzia biltzen ditu. Garapen osatzen duten agentziek 189 udalerriri eskaintzen dizkiete zerbitzuak, eta horien biztanleria 2.025.393 biztanlekoa da, Euskadiko biztanleria osoaren % 91, eta gaur egun honako jarduera-eremu hauetan egiten du lan: enplegua, ekintzailetza, enpresa, merkataritzaren sustapena, turismoaren sustapena eta estrategikoak diren sektoreen sustapena.
Hauek dira Garapenekin batera HAZILAN+ eta EnpleGU programan parte hartzen duten agentziak: Amurrio Bidean, Erandioko Udala, Iraurgi Berritzen, Leioako Udala, Goieki, Laudioko Udala, Beterri-Buruntza Mankomunitatea, Bidasoa Activa, Uggasa, Debegesa, Oarsoaldea, Urola Kostako Udal Elkartea, Debagoienako Mankomunitatea, Mungialdeko Behargintza, Tolosaldea Garatzen, EGAZ Txorierri, Lanbide Ekimenak eta Bermeoko Udala – Behargintza.