“Niretzat pausoa ematea erabaki ona izan da: bezeroak mantendu ditugu eta berriak ere etorri dira. Oso pozik nago herriko dendari jarraipema eman eta bezeroekin sortu dudan harremanarekin”
Jarraikortasuna herrian bertan: Guzta Okindegi Kafetegiaren erreleboa Idiazabalen
Herrietako saltoki txiki askok ateak ixten dituzte jabeak erretiratzen direnean. Hala ere, batzuetan erreleboa modu naturalean iristen da, herritik bertatik eta negozioaren eguneroko funtzionamendua ezagutzen duten pertsonen eskutik.
Hori da Idiazabalgo Guzta Okindegia Kafetegiaren kasua. Ogia, kafea, egunkaria eta eguneroko oinarrizko elikagaiak eskaintzen dituen herriko denda honek etapa berri bat hasi du Aizpea Olano buru dela, aurreko jabea jubilatu ondoren negozioari jarraipena ematea erabaki baitzuen.
Aukera herrian bertan sortu zen
Guzta Okindegia Kafetegia hartu aurretik, Aizpeak goxoki denda bat zuen Idiazabalen. Goizero, ohitura zuen kafetegira hurbiltzekoa, eta horregatik ondo ezagutzen zuen negozioa eta bertako jabea.
Jubilatzeko garaia iritsi zenean, aurreko jabeak berak proposatu zion Aizpeari negozioaren ardura hartzea. Etxean hitz egin eta aukera baloratu ondoren, pausoa ematea erabaki zuen.
Aldaketa oso azkar gertatu zen: igande goiz batean goxoki denda itxi eta arratsalde hartan bertan egin zuen negozioaren eskualdatzea, dendaren jarraipena bere gain hartuz.
Martxan dagoen negozio baten alde egitea
Aizpearentzat segurtasun handia ematen zion martxan zegoen negozio bati jarraipena emateak. Bazekien negozioa errentagarria zela eta herrian bezero base egonkorra zuela.
Gainera, aurreko jabeak negozioaren eguneroko funtzionamenduari eta diru-sarrerei buruzko informazioa eman zion, eta horrek proiektuaren bideragarritasuna argi ikusten lagundu zion.
Prozesuan zehar kanpo aholkularitza baten laguntza izan zuten bi aldeek, aholkulari gisa eta prozesua errazteko helburuarekin.
Errelebo erraza, aurretik ezagutzen zuen negozio batean
Eskualdatze prozesua nahiko erraza izan zen. Aurreko jabea hasieratik prest agertu zen laguntzeko eta beharrezko azalpenak emateko.
Aizpeak aurretik denda bat kudeatua zuenez, antzeko negozio baten funtzionamendua ezagutzen zuen. Lehen egunean denda irekitzen lagundu ondoren, bere kabuz hasi ahal izan zen negozioa normaltasunez kudeatzen.
Negozioa ez ixtea, bezeroak mantentzeko ezinbesteko gakoa
Aizpearen ustez, eskualdatzeak ondo funtzionatzeko gakoetako bat negozioa prozesuan zehar ez ixtea izan da.
Horri esker, dendak aurretik zuen bezero poltsa mantendu ahal izan du, eta hori bereziki garrantzitsua da herrietako hurbileko saltokietan.
Herriko egunerokora egokitutako denda
Etapa berri honetan, Aizpeak hainbat aldaketa txiki egin ditu bezeroen beharretara hobeto egokitzeko.
Besteak beste, digitalizazioari bultzada eman dio, eta orain bezero askok WhatsApp bidez egiten dituzte eskaerak. Horrela, goizez lanean dabiltzanek eskaera egin eta gero jaso dezakete.
Horrez gain, Instagram bidez ere komunikatzen da, dendako berriak eta egunerokoak partekatuz.
Dendak eskaintza zabala du: ogia, kafea, egunkaria eta eguneroko elikagaiak. Horri esker, askotan gauza baten bila sartzen diren bezeroek beste zerbait ere erosten amaitzen dute, herriko saltokietan ohikoa den bezala.
Bezeroen ohiturak ikusita, ordutegia ere egokitu du: hasieran goiz eta arratsalde irekitzen zuen, baina arratsaldeetan mugimendu gutxi zegoela ikusita, arratsaldeko hiruretan ixtea erabaki zuen.
Herriko saltokiak bizirik mantentzea
Guzta Okindegia Kafetegia bezalako kasuek erakusten dute negozioen jarraikortasuna askotan herritik bertatik sortzen dela.
Aizpea oso gustura dago hartutako erabakiarekin eta orain arte lortutako emaitzekin. Bezeroen aldetik harrera oso positiboa izan du, eta aurreko bezeroak mantentzean gain, berriak ere gehitu dira. Guzti honek indarra eta motibazioa ematen dizkio etorkizunera begira lanean jarraitzeko, energiaz eta ilusioz beterik.
Bezero oinarri sendoa dagoenean, negozioa ezagutzen duten pertsonak daudenean eta norbaite erreleboa hartzeko prest dagoenean, herriko saltokiek urte askotan jarrai dezakete komunitatearen egunerokoan parte izaten.