2015. urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontu parte- hartzaileen prozesua jarri zuen martxan Goierrin. Parte-hartze prozesuan zehar herritarrek energia gaien inguruan zuten kezka plazaratu zuten. Goierritarrek argi adierazi zuten energiaren planifikazio eta kudeaketa publiko baten beharra, jasangarriagoa eta sozialagoa izango den eredu baterantz joateko beharra.
Ondorioz, 2017. urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuko diru-laguntzari esker Goierriko Energia Plana (2018-2025) garatu zen. Plan honen baitan eskualdearen diagnostikoa irudikatu zen eta hurrengo zazpi urteetarako lerro estrategikoak eta ekintza zehatzak definitu ziren eskualdeko eragile ezberdinen artean.
Hau sortu ostean, eskualdeko udal ordezkariek beharrezkoa ikusi zuten epearen erdialdean planaren berrikusketa egitea, eta 2021ean eskualdeko Energia Planaren eguneraketa egin zen. Burututako eguneraketan eta eskualdean egin zen pobrezia energetikoaren azterketan, Energia Bulegoa argi eta garbi errepikatu den erronka da. Argi ikusi da, herritarrei nahiz udaletako langileei energiaren inguruko zalantzak argitzeko edota laguntza eskatzeko erreferentziazko leku bat falta zaiela.
Energiaren sektoreak bizi duen egoera kontuan izanda, aholkularitza edota laguntza hori jaso ahal izateko puntu bat izatea gero eta garrantzitsuagoa izango da, eta zer esanik ez pobrezia energetikoan bizi diren ikuspegitik. Hori horrela, administrazio publikoak zeregin eta aukera garrantzitsua du herritarrei nahiz udal langileei laguntza eta aholkularitza eskaintzeko. Egoera hau ikusita, Goiekik, Goierriko 18 udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuarekin elkarlanean, Goierriko Energia Bulegoa sortu eta martxan jarri du.