Skip to main content

Ekintzailetza proiektuak garatzeko mikrokedituak

Laboral Kutxa 2

 

75 milioi 25.000 €-rainoko mikrokredituetan

LABORAL Kutxak 75 milioi euroko finantzaketa-linea berezia egokitu du merkataritza-alorrean. Hartara, EIFk Europa osoan mikrokreditutarako aitortu duen linearik handiena izango du entitateak. Hitzarmen horrek bi urte eta erdiko iraunaldia du.

Finantzaketak enplegua sortu eta finkatzeko gizarte-bokazioa du. Hartzaileak batez ere mikroenpresak, abiatu berri diren enpresak edota jarduera profesionalari ekin berri dioten pertsona fisikoak izango dira, beraiek osatzen baitute ohiko kreditua eskuratzeko arazo handiena dutenen kolektiboa; azken buruan, honako hauek dira bidean aurrera egiteko zailtasun handiena dutenak: ekintzailetza-proiektua aurrera ateratzeko laguntza behar duten pertsonak, lanik gabe edo lanpostua galtzeko arriskuan daudenak, emakume ekintzaileak, desgaitasunen bat dutenak, gazteak...

Maileguen ezaugarriei dagokienez, mikrofinantzaketaren ohiko estandarren ildoan, mailegu bakoitzeko gehienez 25.000 euroko zenbatekoa finkatu da, eta itzultzeko epea, berriz, 5 urtera artekoa. Interes-tasak lehentasunezkoak izango dira eta inoiz ez da hipoteka-bermerik eskatuko. Horretaz gain, ekintzaileei ez zaie beste inolako abal osagarririk eskatuko, ekintzaileak berak ematen duenaz gain. Aurreikusita dauden helburuen artean baztertu egin dira higiezinak erosteko eragiketak eta birfinantzaketako eragiketak.

Bi erakundeek, EIFk nahiz LABORAL Kutxak, gizarte-erantzukizuneko inbertsioaren (GEI) printzipioekin bat egiten dute hitzarmenaren babesean finantzatuko diren jardueren inguruan. Hartara, hitzarmenetik kanpo geldituko dira tabakoari, ausazko jokoei eta armagintzari lotutako jarduerak.

Aurrekariak: Microfinance Progress

2013ko urrian, LABORAL Kutxak beste hitzarmen bat sinatu zuen EIFrekin ekintzaileentzako eta mikroenpresentzako 24 milioi euroko finantzaketa-linea berezia prestatzeko. Hitzarmen horrek bi urteko epealdia zuen arren, urtebete igaro aurretik agortu zen zehaztutako zenbateko osoa.

Gizarte-inklusioko bokazio argia zuen Microfinance Progress ere ekintzaileengana eta mikroenpresetara bideratu zen. Programaren onuradun izan ziren hiru pertsona fisikoetatik bik oinarrizko ikasketak baino ez zituzten; alegia, ohiko banku-finantzaketa eskuratzeko ageriko zailtasuna zuen segmentua osatzen zuten.

Orain, Progress ekimenean izandako arrakastari esker, orduko hartan zehaztu zen finantzaketa-konpromisoa hirukoiztu da EaSI hitzarmen berrian.

Enplegu eta Gizarte-berrikuntzarako Plana

Europar Batasunaren Enplegurako eta Gizarte-berrikuntzarako programaren (EaSI) esparruan, Europako Batzordeak 193 milioi euroko zuzkidura bideratu du 2014-2020 aldian mikrofinantzaketara eta gizarte-ekintzailetzara. Helburua: mikrofinantzaketa, hau da, 25.000 eurorainoko mailegua, egoera ahulenean dauden pertsonentzat eta mikroenpresentzat. Gainera, eta lehen aldiz, Europako Batzordeak gizarte-enpresak ere lagunduko ditu 500.000 eurorainoko inbertsioen bidez. Halere, mikrofinantzaketarako eta gizarte-ekintzailetzarako laguntza, lehenik eta behin, EaSI Bermearen bidez hezurmamitzen da. Izan ere, hari esker, orain arte haien arrisku-profila dela eta finantzatu ezin izan dituzten enpresariengana iritsi ahal izango dira mikrokredituen hornitzaileak eta gizarte-enpresetako inbertsiogileak. Europako Batzordeak Europako Inbertsio FONDOA aukeratu du EaSI Bermea ezartzeko.

 

Informazio gehiago

 

Data

26 Urria 2015

Kategoria

Ekintzailetza

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. | 943 16 09 70
Goierri Berrikuntza Gunea, NBF Eraikina Arranomendia 5, 20240 Ordizia